Sexu eta genero aniztasuna II. ZineGogoak jaialdian

Bizkaie! 2024-06-17 10:43   Zinemea

Bagilaren 18, 19 eta 20an egingo da Zornotza Aretoan.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Bardintasun Arloak eta Zinegoak Jaialdiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzinoagaz, ZineGogoak hezkuntza-ekimenaren bigarren edizinoa atondu dabe. Ekimen horren helburua da gazteei sexu-aniztasunaren eta genero-identidadearen inguruko beste ikuspegi batzuk eskaintzea, eta zinemearen bidez, ikus-entzunezko eta narratiba hizkuntzearen oinarrizko elementuetara hurreratzea.

ZineGogoak bigarren hezkuntzako ikastetxeei bereziki zuzendutako hezkuntza-proiektua da eta bagilaren 18, 19 eta 20an egingo da, Zornotza Aretoan. Guztira sei zinema saio eskainiko dira, goizez, eta horreetan DBHko 1. eta 2. mailako 350 gazte inguruk hartuko dabe parte, IES Urritxe, Karmengo Ama ikastetxea, El Carmelo ikastetxea, Andra Mari Ikastola eta Lauaxeta Ikastola ikastetxeetakoak hain zuzen be.

ZineGogoak gure gizartean aniztasuna balio positiboak eta beharrezkoak ikusarazoteko eta naturalizetako tresna bezela aurkezten da.

Nazinoarteko bost film labur eskainiko dira, jatorrizko bersinoan, euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz. Film laburren proiekzinoa osotzeko, dinamizazinoa be egingo da, aditu baten eskutik, bertaratutako gazteakaz hausnarketarako eta eztabaidarako gunea sortuz. Ganera, aukeratutako film laburrek, gai ugari jorratzen ditue, gazteen errealidadean eta interesetan oso lotuta dagozanak.

Euskal zinemagileen partaidetzea

ZineGogoak proiektuak, ikus-entzunezko narratibearen oinarrizko elementuetara hurreratuko ditu ikasleak, eta, horretarako, euskal zinemagileen partaidetzea izango dau. Aurtengo edizinoan, Maider Oleaga zinemagileak Irrits film laburra aurkeztuko deutse gazteei, jarraibide batzuk adierazoz eta ikus-entzunezko bat filmaukeran kontuan hartu beharreko alderdiak nabarmenduz.

Bestalde, Alex Argoitiak, Erandioko Tartanga Lanbide Heziketa Zentroko Muntaketa eta Ikus-entzunezko Postprodukzinoko irakasleak, ikus-entzunezko lengoaiaren oinarrizko elementuak adierazoko ditu bideo tutorial laburren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu