II. Jose Angel Herrero-Velarde bekak emon ditue

Bizkaie! 2024-06-06 08:22   Zinemea

Harri X. Fernández, Sonia García López eta Carlos F. Heredero ikertzaileei, hain zuzen be.

Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-beken bigarren edizinoak Harri X. Fernández, Sonia García López eta Carlos F. Heredero ikertzaileen lanak sustatuko ditu. Lanok aztergai ditue, hurranez hurran, animazino-zinemeak Zinemaldiaren historian izaniko presentzia, Zinemaldiak 60ko hamarkadako Espainiako Zinema Barriagaz izaniko hartu-emonak eta hamarkada horretan eginiko Zinema Eskolen Nazinoarteko Jardunaldiak.

Beken ibilbidea 2023an hasi zan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzinoari esker. Lehen edizinoak, deialdi bi izan zituan: bata, Gipuzkoako ikertzaileentzat eta bestea estaduko eremuari zuzenduta. Halanda ze, bagilaren 22an Tabakaleran jardunaldi publikoa egingo da lehen deialdiko hiru azterlanak aurkezteko (Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabaté dira ikertzaileak). Egun horretan bisita gidatua egingo dabe Artxiboaren instalazinoetan, ganera, Bronenósets Potiomkin (Sergei Eisenstein, 1925) filma proiektauko dabe.

2024tik aurrera, beken deialdi bakarra izango da, hiru lagunentzat; hautagaietako bat, Gipuzkoan jaioa edo erroldautakoa izan behar da. Helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketea sustatzea, argitaratubako testu akademikoak sortzeko, iturri nagusi moduan erabiliz Zinemaldiaren artxibo historikoa. Beraz, Zinemaldiaren joandako gorabeherak aztertzeaz gan, orainagaz eta etorkizunagaz etenbako dialogoa ezarriko da.

Zinemaldiko eta EQZEko kideek osotutako batzordeak 2024ko hiru ikerketa-bekak ebatzi zituan pasa dan hilean. Batzordeak Fernándezen, García Lopezen eta Herederoren proposamenak aukeratu zituan pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak diralako, maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estaduko eta nazinoarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dabelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili ditualako.

Ikerketak

Harri X. Fernández kazetari gipuzkoarraren proposamena saiatuko da Zinemaldiko animazino-zinemearen historia adierazoten, erroldatzen eta aldarrikatzen, ondoko denpora-tartea ardatz hartuta: gaur egun klasikoa dan Walt Disneyren One Hundred and One Dalmatians (1961) filma lehiaketean emon ebenetik eta El sueño de la sultana (2023) filmera, hau da, igaz Sail Ofizialean lehiatu zan Isabel Hergueraren film luzea. Horrezaz gan, ikertzaile donostiarrak konparau egingo ditu Donostiako esperientzia eta Europako beste zinema-jaialdi ez-espezializatu batzuetakoa.



Sonia García López Madrilgo Karlos III.a Unibersidadeko irakasleak Zinema Eskolen Nazinoarteko Jardunaldien historiari eutsiko deutso; jardunaldiok 1960tik 1966ra artean egin zituen Donostia Zinemaldiaren barruan. Helburutzat dau argitzea ia jardunaldi horreek, zentsurea erabili eben esparruak izateaz gan, ze neurritan izan ziran, disidentziarako esparruak, ideen topaketa eta trukaketarako esparruak, eta ze neurritan egin daitekezan loturak eta korrespondentziak jardunaldietako esperientziaren eta inplikazino politiko handiak izan zituen ikasleen ondorengo jazoeren artean.



Carlos F. Heredero historialari eta zinema-kritikariak, barriz, 60ko hamarkadako Espainiako Zinema Barri kementsuaren eta Zinemaldiaren arteko hartu-emonen erradiografia egitea izango dau helburu. Hipotesia, filmek Donostian izan eben presentzian oinarritzen da, hain zuzen be: Donostiako topaketea, lehenik, hamarkada haretan Espainiako zinemearen bazterrak astintzen zituan bultzaketearen eragile izan zan, ondoren zentsureak mugatutako kontraesanezko bozeroailea izan zan eta, azkenik, haren gainbeherearen eta amaierearen notarioa.

Tabakaleran jardunaldi publikoa

Bagilaren 22an, zapatua, jardunaldi publikoa egingo da Tabakaleran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, EQZEk eta Zinemaldiak alkarrekaz atondutakoa. Jardunaldiak Zinemaldia ikertzea: José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-bekak izenburua izango dau, eta Artxiboaren lana zabaltzea izango dau helburu.

  • 17:00-17:15: Aurkezpena (Irati Crespo).
  • 17:15-17:40: Leiho bat ekialdera: eremu sobietarreko zinemaren sarrera Espainian Donostia Zinemaldiaren bitartez berbaldia (Felipe Cabrerizo).
  • 17:40-18:10: Josefina Molinaren, Pilar Miróren eta Cecilia Bartoloméren arteko elkartzearen aztarnak berbaldia (Neus Sabaté).
  • 18:10-18:35: Norabide berriak: zuzendari berriak Zinemaldian berbaldia (Endika Rey).
  • 19:00: Bronenósets Potiomkin (Potemkin korazatua, Sergei Eisenstein, 1925) filmaren emonaldia eta Felipe Cabrerizoren aurkezpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu