Clarisa Navas, Zinegoak 2024ko Ohorezko Saria
2024-06-04 12:36 ZinemeaInaugurazino ekitaldian jasoko dau saria, bagilaren 24an.
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak jakinarazo dau Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jasoko dauela Zinegoak 2024 Ohorezko Saria, DAMAren babesari esker. Navas zuzendari, gidoilari, produktore, irakasle eta idazle argentinarra da eta klase eta genero ikuspegidun zinemea egiten dau, pasinoz eta konbentzimenduz.
Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak azpimarrau dauen legez, jaialdiak Navasen lana autortu nahi izan dau, sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen ditualako eraldaketarako motor bezela: Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia da. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak biziteko aukerea emoten deuskuna. Zinegoak-eko atontzaileek haren lan artistikoa eskertu eta geure sari nagusiagaz dauen konpromiso politiko eta soziala autortu nahi dogu.
Navasen film luze biak, Hoy partido a las 3 eta Las mil y una, emakumeei, giza hartu-emonei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbenzinoetatik kanpo geratzen diran bizipenak aurrera eroateko burrukeari egindako kantuak dira.
Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibersidade Nazionalean (UNA), ENERC Esperimentazino eta Errealizazino Zinematografikoko Eskola Nazionalean irakaslea, proiektuak egiteko ABC BAFICI saila zuzentzen dau, eta 2010etik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain filmak egiteko beste modu batzuk asmetan dituan Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.
2011. urtean, Navasek bere lehen film luze dokumentala egin eban, Retratos de otro país izenekoa, Argentinako toki ezkutuak ezagutzera eroaten gaituana: komunidade indigenak, landa-herriak eta gizarte-inguruneak, sistema instituzinonaletatik kanpo atontzen diranak eta zinemeari buruz dauen ikuspegi politikoa eta berak emonu nahi deutson esangurea zalantzan jartera bultzatzen dabenak.
2017an, Hoy partido a las 3 aurkeztu eban. Dokumentalaren premisatik sortu zan, eta fikzino bihurtu zan protagonisten gogo kolektiboari esker, guztiak Navaseko taldeko futbol-jokalariak eta gertukoak baitziran. Bertan, futbolean dabizan emakumeek dituen zailtasunez berba egiten dau, baita emakumeek euren artean dituen hartu-emonak eta zailtasun horreek gainditzeko zelan atontzen diran be.
2020an, Las mil y una film luzea Berlinaleko Panorama sailaren inaugurazino-proiekzinoa izan zan. Clarisa Navas Corrienteseko Las mil auzoan hazi zan. Zuzendaria maila emozionalean eregi zaneko lekuetara bueltau zan lan horretan. Sorkuntzeagaz dauen konpromisoa agirian jarri zan barriz be, leku horreek istorioak eregiteko oinarri lez aukeratuz. Maitasuneko, lagunarteko eta familiako bizipenak elikatzen dabe filma.
Clarisa Navas hunkituta agertu da Zinegoakek emondako autorpenagaz: Oso eskertuta nago nigan pentsau dabelako. Argentinan bolada gogorra bizi dogu eta egiten dogun guztirako panoramea penagarria da, beraz, bikain sentiduten naz, geure herrialdean erasoak baino ez doguzala biziten honetan.
Gatxa da sensazinoa adierazotea, baina ultraeskuina gobernuan dagoenetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat, kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herriaren memoria be.
Clarisa Navasek gehitu dauenez, neke handia sentiduten dogu, egunero burrukan segidu behar dogulako. Halanda ze, sano gatxa da filmak egiten jarraitzea, herrialdearen gehiengoa goseak hilten dagoalako. Halanda be, biziten gagozan hondamendi sozial hori beste zeozegaz gozau behar dogu. Uste dot, queer sentiduten garenok, oso presente dogula, burrukarik barik eta desiorik barik mundu hau ezbardina izateko aukerarik ez dogula izango.
Argentinar zinemagileak bagilaren 24an, astelehena, Arriaga Antzokian egingo dan jaialdiaren inaugurazino ekitaldian jasoko dau Ohorezko Saria, DAMAren babesari esker. Bezperan, bagilaren 23an, 18:30ean, Bilborocken, berbaldia egongo da Irantzu Varela kazetari feministeagaz, eta Navasen hiru lan, film labur bi eta film luze bat, proiektauko ditue: Enviado para falsear, No es un juego; eta Hoy partido a las 3. Ganera, bagilaren 25ean, BilbaoArten, 18:30ean, Las mil y una izango da ikusgai.
Zinegoakek bagilaren 11n aurkeztuko dau programazino osoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!