Behotsik Orkestreak ‘Behotsik Symphonic Reggaeton 2024’ birea aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-05-30 09:31   Musikea

Kontzertuak bagilaren 22, 29 eta 30ean izango dira Bilbon.

Behotsik orkestrak bere 2023/2024 denporaldia amaitzeko Behotsik Symphonic Reggaeton 2024 birea aurkeztu dau eta zehaztu dabenez, reggaetoiaren eta elektrolatinoaren abesti mitikoenak joko ditue Bilbon eskainiko dituen hiru kontzertuetan.

Musika klasikoari leporatzen jakozan estereotipoak hausten saiatzen dan orkestreak Behotsik Symphonic Reggaeton ikuskizuna eskainiko deusku, gitxitan ikusi daitekeen orkestra sinfoniko baten eta reggaetoia eta musika elektrolatinoaren arteko buztarketa eginez, hain urrun dagozala pentsau arren, alde bietako zaleak alkartzeko asmoagaz.

Irratsaioa zuzeneko orkestra sinfonikoagaz

Behotsik Symphonic Reggaeton ikuskizuna irratsaio bat izango da, Gaztea Irratiko TopGaztea edo Los40-ko Del40al1 lakoa eta reggaetoiaren abesti arrakastatsuenak birpasauko ditu. Joseina Etxezarreta, Oihan Vesga eta Ainhoa Bilbaok aurkeztutako Behotsik Irrati-ko saio honetan ez dira faltako Daddy Yankee, Don Omar, Luis Fonsi edo Gente de Zona lako artisten kantuak.

2023 urtera arte Behotsik Orkestrako zuzendari artistikoa izan dan Igor Giménez ibiliko da zuzendari gonbidatu moduan eta kontzertu horreetarako berariaz eginiko abestien moldaketak Josu Ortiz Delgado, Sergio Morote eta Eloísa Domínguez konpositoreen kontu egon dira. Proiektua aurrera eroateko Laboral Kutxaren babesa izango du Behotsik Orkestreak barriro be.

Bagilaren 22an, VASS Sanfilippo Euskadi alkartearen alde Behotsik Symphonic Reggaeton birako lehenengo kontzertua eegingo da Bilboko Deustuko Unibersidadeko Klaustroan, eguerdiko 12:00etan. Kontzertu hau ongintzazkoa izango da eta bertan batutako diru guztia VASS Sanfilippo Euskadi alkartearen alde bideratuko da.

VASS Sanfilippo Euskadi alkarteak Sanfilippo sindromea daben ume eta familien bizi kalidadea hobetu eta euren bidean topetan dituen trabak gainditzea da asmoa; gaur egun, gatxa daben 8 ume dagoz EAEn.

Bagilaren 29 eta 30ean, Bilboko Udalak atondutako MusikAuzo programearen barruan, Birako hurrengo kontzertu biak bagilaren 29an eta 30ean izango dira, Bilboko Errekaldeko Plazan eta Arenaleko Kioskoan hurranez hurran, eguerdiko 12:30ean.

MusikAuzo hainbat estilotako artista eta taldeak, doban eta espazio publikoan, bilbotarrei hurreratzeko helburua dau. Guztira, 35 kontzertu eta 13 kalejira programau ditue maiatzean eta bagilean, Bilboko 8 barrutietako auzoetan beren talentua erakutsiko daben estilo anitzeko musika eta musikariekin.

Behotsik Orkestrea

2011ko udan sortu zan musikan denporea emoteko gazte talde baten idearen ondorioz, batez be, giro atsegin eta lasaian, musikaz nahiz konpainiaz gozetan dan bitartean ikasi eta hobetu ahal izateko helburua izanik. Idea honen emoitzea musikea bidelagun bihurtzea helburu nagusitzat daben 15 eta 30 urte bitarteko orkestra gazte eta anitza da.

Kontzertu askok ongintzazkoak dira, alkartearen idealak eta balioak errespetauta, izan be, helburu nagusia Bilbo eta Bizkaiko bizitza kulturalaren garapena bultzatzea da, musikea (gehienbat klasikoa) jenteari hurreratuz.

Orkestreak musika klasikoari leporatzn jakozan estereotipoak hausi eta gero eta jente gehiago erakartea lortzen dau bere errepertorio barritzaile eta apurtzailearen bidez: filmen soinu-bandei eskainitako programak, rock sinfonikoa, umeentzako operea, baita rap eta hip-hop estiloko disko bat grabetea Aneguria rap abeslariagaz batera. Orkestrearen ezaugarrietako bat kudeaketa eredua da, izan be, erabagi guztiak asanbladan hartzen dira, musikari bat-boto bat printzipioan oinarrituta. Bertan erabagiten dira errepertorioak eta kontzertuak. Orkestreak igaz ospatu eban bere hamargarren urteurrena Behotsik: 10 urte, hamaika lagun ikuskizuna eskainiz ganezka egoan Euskalduna Jauregiko Auditorioan, oholtzan 250 persona baino gehiago batu zituan megaprodukzinoa.

2023ko abuztuan, nazinoarteko presentzia izan eban hautaketa-prozesu zorrotz eta lehiakor baten ondoren, Behotsik Orkestreak Sancho Almendral izentau eban Zuzendari Titular barri, alkartearen jarduerearen profesionalizazino-prozesuan beste urrats bat emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu