Karla Sofia Gascon transexualak irabazi dau emakume aktore onenaren saria

Bizkaie! 2024-05-27 07:53   Zinemea

Anora filmak irabazi dau 77. Cannesko Urrezko Palma.

Karla Sofia Gascon | Ikusi handiago | Argazki originala

Sean Baker estadubatuarraren Anora izan da Cannesko Zinemaldiaren 77. edizioko irabazlea.

Karla Sofia Gascon espainiarra, Zoe Saldaña dominikarra, Selena Gomez estadubatuarra eta Adriana Paz mexikarra dira Audiarden filmaren aktore taldea. Protagonista gizon izatetik emakume izatera igaroten dan narko bat da. Gasconek antzezten dau personaia nagusia, Mexikon Espainian baino ezagunagoa dan aktore transexualak eta bera izan da kide guztien izenean saria jaso dauena.

Urrezko Palmaren izentapenak oso harrera ona izan dau, nahiz eta faboritoa Mohammad Rasoulofen The seed of the sacred fig izan, Irango askatasun gabezia kritikatzen dauen filma. Irandik alde egin behar izan dau Rasoulofek herrialdearen segurtasunaren kontrako krimenak egiteagaitik zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri deutselako. Esangura horretan, Mohammad Rasoulofek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso dau.

Epaimahaiaren Sari Nagusia Payal Kapadia indiarraren All we imagine as light filmak eroan dau.

Zuzendari onenarena Miguel Gomes portugaldarrak eskuratu dau, Grand Tour fikzinoa eta dokumentala, zuri-baltza eta kolorea buztartzen dituan filmari esker.

Gidoi onenaren saria Coralie Fargeat frantziarrarentzat izan da, The Substance filmagaitik.

Aktore onenaren saria, Jesse Plemons estadubatuarrarentzat izan da, Kind of Kindness filman egindako lanagaitik.

Gainera, George Lucas zinemagileak Cannesko Zinemaldiko Ohorezko Urrezko Palma jaso dau Hollywoodeko beste legenda baten eskutik, Francis Ford Coppola lagunaren eskutik, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu