Hamaika taldek joko dabe Areatza Musik & Beer jaialdian
2024-05-24 10:15 MusikeaMaiatzaren 31n eta bagilaren 1ean izango da aurtengo Areatza Musik & Beer.
Nazinoarteko musika eta garagardao jaialdian, musikeari jagokonez, rocabilly, rock & roll, blues eta garaje rock musikea egiten daben 11 taldek joko dabe eta garagardaoari jagokonean, Hernaniko Basqueland Brewing-ek produzidutako 6 garagardao probetako aukereavegongo da. Gastronomiak bere programazino propioa izango dau jaialdian. Aurten Basque Beer alkarteak be parte hartuko dau jaialdian lehenengoz. Momentuz, 21 dira Euskal Garagardaoaren Alkartea osotzen daben markak, euren artean dago Basqueland Brewing, hasikeratik jaialdiko parte dan babesle garrantzitsuenetakoa.
Gune nagusi bi izango ditu jaialdiak: Gudarien plazea eta Kallartean, Zubizarra inguruan. Gudarien plazan eszenaleku nagusia egongo da eta bertan izango dira arrastietako kontzertuak. Karpa handia egongo da plazan. Kallartean gunean, barriz, zapatu goiz eta eguerdiko musika kontzertuak eta gastronomia ekintza guztiak egingo dira.
Lehen mailako nazinoarteko musika taldeak
Barikuan rock & roll, blues eta rokabilly soinuak izango dira nagusi 18:30etik aurrera. Arrastia, Bilboko Gonzalo Portugal gitarristea, 2022an argitaratuko bere On My Way diskoaren birearen jarraipena egiten etorriko da Areatzara.
Ostean, estadu espainolean rocabillyaren erakusle nagusia dan Al Dual musikaria ikusi eta entzuteko aukerea egongo da. Al Dual, 2018an, AEBko Rocabilly Hall of Fameko parte izatera pasau zan eta Ameripolitan Music Awards-eko artista onenaren saria jaso eban, rocabilly-aren historian sartuz.
Gaueko 22:00etan Belgikatik datorren The Bluesbones taldearen txandea izango da. 2011n sortu zan eta lehen aldiz izango da estaduan joten. Blues ibilbide luzeko taldea da eta blues munduko nazinoarteko sari asko lortu ditu.
Barikuan, 2023ko European Blues Challengeko irabazleak, Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra, 2023an argitaratutako Hell’s The New Heaven diskoaren aurkezpen biran dago eta Areatzako jaialdian izango da.
Zapatuan, Kallartean gunean, eguerdi partean, Leanwolf, atzen urteotako Frantziako blues musikearen adierazle nagusienetakoa izango da. Ostean, Moonshine Wagon Euskal Herriko heavy-bluegrass taldea egongo da. 2013ko udagoienean sortu zan Gasteizen. Dibertimentuz kalean joteko alkartzen ziranean eta, horretarako asmo barik, publikoaren gorespenez, eten barik hazi dira. Ordutik, Europa osoko eta Amerikako zati bateko aretoetan eta jaialdietan dabiz modu autogestionauan, Wagon autokarabanan, gehien gustetan jakena eginaz. Kallartean-eko kontzertuakaz amaitzeko, Montana Stomp taldeak, estaduko zuzenekorik potenteena bertaratuko dau: gitarrak, tekladuak, AEBko hegoaldeko rock-aren oinarria eta Susana Colt-en ahots gogorragaz.
Arrastiko kontzertuak, 18:30etik aurrera, Gudarien plazan izango dira. Lehenik, Motley Crüe, The Answer edota Def Leppard taldeen konbidaua izandako Madrilgo Los Sex taldeak, 2023an publikautako lan barriak, Bailando hasta el suelo eta Caramelos, aurkeztuko ditu Areatzan. 20:00etan, rock and rollaren erreferentea dan Diamond Dogs talde suediarrak igongo dau oholtzara. Taldeak 30 urte beteko ditu aurten eta hori ospatzeko bira berezia atondu dau. Estaduan 12 lekutan joko dabe, tartean, Areatzan.
Ondoren, Himalayas, Cardiffetik datorren talde gazteak rock eta garage rock doinuak ekarriko ditu. Europako jaialdi handienetan parte hartu eta gero, Areatzako jaialdira dator, 2023ean argitaratutako From Hell to Here diskoaren aurkezpena egiten.
Amaitzeko, 00:00etan, Kataluniatik datorren The Grassland Sinners taldeak joko dau. Taldea 2015ean Bartzelonan jaio zan. Let It Ride albuma argitaratu eban 2017an; 2019an, barriz, Another Flavor singlea kaleratu eta bira bati ekin eutsen. Goin Fat' disko barria (Dani Alcoverrek ekoitzia) 2022ko udagoienean argitaratu eban taldeak, Los Conciertos de Radio 3 (Televisión Española) saioan zuzenean aurkeztuz.
Gastronomía
Areatza Musik & Beer musikaz harago doan jaialdia da eta gastronomiak be, bere gune propioa dauka. Kallartean gunean hiru foodtruck egongo dira jaialdian: Dando la brasa, U-Lovers Mafaldo eta Kemekomo, euren produktu bereziakaz. Ez hori bakarrik. Gastronomiak bere programazino propioa dauka jaialdian. Holan, zapatu goizean, Despierta tus sentidos catering enpreseak gidatuta, showcooking bi aurkeztuko dira, ardaoa probetako aukereagaz: lehena, Bermeoko konserbetan oinarrituko da eta hiru pintxo jan ahal
izango dira atlantiar ardaoakaz batera; Kantauriko antxoen pintxoa tex-mex estiloan: ogi tosta baten gainean, kipula morea, martorria, tomatea, ahuakatea eta antxoa gazitan; sardina patea: sardinatxoen emulsinoa oriotan, sano osasungarria ogitan bustiteko! eta Hegaluze-potoa txakolinagaz karamelizautako kipuleagaz; eta bigarrena, Txakolina eta itsasoa izenekoak itsasoko saboreak ekarriko ditu; lanperna zebitxea eta marmitakoa txakolin bi edateko aukereagaz. Txartelak Areatzako Bainuetxean dagoz salgai.
Zapatuan, foodtruck-akaz batera arrastiko 18:00ak arte, Crisla sweets gozogilea eta Jamonostruck urdaiazpikoetan espezialistea Areatzan egongo dira euren produktuak probau daiguzan. Atontzaileek precio bereziko txartelak salgai ipiniko ditue egunean bertan, produktu guztien eta garagardao bereziak probau ahal izateko.
Musikea eta gastronomiaz gainera, beste ekintza batzuek be izango dabe lekua jaialdian, hain arrakasta handia izaten dauan Munduko VI. Garagardao Kupelen Jaurtiketa Lehiaketeak, 18:30ean hasiko da eta parte-hartzaileak Los Sex (Valentzia), Diamonds Dogs (Suedia), Himalayas (Erresuma Batua) eta The Grassland Sinners (Katalunia).
Areatza Musik & Beer jaialdia, Km 0ko Basqueland Brewing garagardaotegiagaz lehen edizinotik dabil alkarlanean. BBP-k Bartzelonako Beer Challenge lehiaketan garagardaogile onenari lortutako hiru sari ditu 2021ean, 2022an eta 2024an, baita Espainiako txapelketetan lau urrezko domina, 2017an, 2019an, 2020an eta 2021ean. Gaur egun BBP-k 25 garagardao baino gehiago produziduten ditu. Areatza Musik & Beer jaialdian, Basqueland Brewing-ek egindako 6 garagardao egongo dira: lehen mailako musikea, lehen mailako garagardaoagaz.
Kamisetea
Aurtengo kamiseta be, igaz lez, zero kilometrokoa da, Arteako Torontileko Emma Jauregik egindakoa, hain zuzen be. Diseinua Jon Artetxe billaroztarrarena da, antolakuntzako kidea eta hainbat sari irabazitakoa.
Torontilek bidebakokeriakaz kritikoa izan gura dau eta proiektu feministea, arrazakeriaren eta kapitalismoaren kontrakoa eta euskalduna da. Diziplina artistikoaren bidez ikusezin bihurtutako guztiei ahotsa emoteko lekua dino Jauregik. Kamisetan erabilitako tintea ekologikoa da, berbarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!