Irene Paredesek eta Damaris Egurrolak Women's Champion' Leagueko finala jokatuko dabe
2024-05-23 07:55 KirolaBilbon, San Mamesen izango da finala maiatzaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan.
Finalean izango dira: Irene Paredes Hernández legazpiarra, Reala eta Athletic taldeetan ibilitakoa, Munduko txapelduna, gaur egun Bartzelona taldean dabilena eta Damaris Egurrola, Orlando, Floridan jaioa eta 2005ean Euskal Herrira etorri zana bere guraso eta bi anai-arrebakaz, berton Gautegiz Arteagako Montorre herri ikastetxean ikasi eban 6.mailara arte; ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzea egitera Barrutialde Institutura pasau zan eta Batxillergoko ikasketak egiteko Gernikako Institutura joan zan. Euskal Herriko Unibersidadean be fisioterapia ikasten ibili zan. Kirol ibilbideri jagokonean, bost denporaldi egin zituan Athletic Club taldean eta eta lehen mailako txapelketea irabazi eban azken denboraldian, hiru Euskal Herria kopa be irabazi zituan bere aurreko klubaren kontra, Errealaren kontra. Gaur egun titularra da Olympique Lyonnais taldean.
UEFA Women's Champions League-eko sponsor ofizialen aktibazino gunea San Mames inguruan egongo da eta musika eta edade guztietarako dobako jarduerak eskainiko dira bertan, zapatuan 10:00etatik 17:30era. Partiduaren amaiera-txistua jo eta 45 minutura, aktibazino gune hau barriro edegiko da 22:00ak arte. UWCLren denda ofiziala be, San Mameseko zabalgunean bertan egongo da, barikuan 17:00etatik aurrera eta zapatuan 10:00etatik aurrera zabalik. ItsasMuseoaren inguruan, barikuan 11:00etatik 22:00etara eta zapatuan 10:00etatik 17:00etara, zelai puzgarri bat eta plataforma flotagarri bat jarriko dira ibaiaren gainean.
Uriko leku askotan jentetza handia izatea aurreikusten da. Bartzelona Futbol Club taldeak eta Olympique Lyonnais taldeak jokatuko dabe finala eta euren zaleak, hurranez hurran, Casilda Iturrizar parkean eta Indautxu plazan batuko dira.
Zaleen alkarguneak 10:00etatik 21:30era egongo dira edegita. Indautxu plazan ez da aparkaleku-erreserbarik aurreikusi; José Anselmo Clavé pasealekuko (Casilda Iturrizar parkean) aparkalekuak, ostera, okupau egingo dira.
Eta talde bien zaleen autobusak egongo diran eremuan be ezin izango da aparkau. Bartzelona Futbol Club taldearena Clavé pasealekua, Abandoibarra eta ItsasMuseum izango dira; Olympique Lyonnais taldearena, Trenbideko etorbidea –inguru horretan aparketako leku batzuk kenduko ditue–.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!