Virginia Diaz Pariseko Joko Olinpikoetarako sailkatu da

Bizkaie! 2024-05-22 10:12   Kirola

Luzernan jokatutako single scull lehiaketan irabazi dau txartela.



Aurelia-Maxima Katharina Janzen suitzarra (07:49.85) eta Nina Kostanjsek esloveniarra (07:59.39) gainditu ditu podiumaren gorengo tokian kokatzeko.

Oraintsu jokatutako sailkapen estropadan Virginiak ezarri eban denporarik onena Suitzako ontziaren, Esloveniakoaren, Hungariakoaren eta Egiptokoaren aurretik. Haren finalerdian be onena izan zan, txekiar arraunlariaren, japoniarraren, belgikarraren, turkiarraren eta poloniarraren aurretik geratuz. Lehen hirurak A finalera pasau ziran.

A finalean hirugarren postuan kokatu da lehen 500 metroetan, bigarren izatera pasau da estropadearen erdira heldu danean eta horri eutsi deutso azken 500 metroetara arte, izan be, aurrean kokatu da hor eta ez dau areriorik izan. Virginiak estrategia horretara ohitu gaitu, bai arraunlari birentzako ontzian ibilten zanean, baita ziklo honetan, banakako ontzira bueltau danean be. Kontuak kontu, plaza bi egozan eta bat Virginiarentzat izan da. Astilleron jaioa baina Getxon bizi dan arraunlariak prestaketa-fase emonkorra egin dau Italian, Basque Teameko bekaduna izanik, Marcos Morales entrenatzaileagaz batera.

Pariskoak Virginia Diazek egingo dituan bigarren Jokoak izango dira, Aina Cidegaz batera Tokion lehiatu baitzan lemazainik bako bikoan, seigarren amaitu eta diploma olinpikoa eskuratuz.

Virginia Diaz (1991-08-15)

Virginia Diaz kasualidadez hasi zan arraunlaritzearen munduan, Astilleroko entrenatzaile bat eskoletara joaten zalako probak egiten. Virginiak probea egin eta arraun egiteari ekin eutson berehala, aurretik egindako ugerketa, saskibaloi zein beste kirol batzuek baino gehiago.

Virginiak talentua eta diziplina bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean ibilten dan arraunlari honek banku mobikorrean maila gorenera heltzeko urte asko daroaz prestaketa-lanetan. Diazen gaitasunei esker estaduko selekzinoak deitu egin dau 15 urte zituanetik. Beste esparru batzuetan, eroso sentiduten dan eremutik kanpo, nazinoarteko mailan erantzun bikaina izatea zer dan badaki, AEBetan unibersidadeetako txapelduna izan baitzan.

2015. urtearen hasieran bost hilebete egin zituan Miamin ikasketetan lortutako beka bati esker eta han Floridako unibersidadeagaz estadu mailako titulua irabazi eban 8+ modalidadean. Barry Universityn egindako egonaldian Philadelphiako eta Sacramentoko beste proba batzuetan be parte hartu eban.

Tokioko Jokoei begira modalidadea aldatu eta Aina Cidegaz batera arraun egiten hasi zan aurreko ziklo olinpikoan, lemazainik bako biko ontzian. Gogor lan egin behar izan eben egoera barrira moldatzeko baina 2019ko Lucernako Europako txapelketan argi geratu zan lortu ebela, urrezko dominea irabazi baitzeben, estropada amaiera ikusgarria eginda gainera. 2020an zidarra irabazi ebenn txapelketa kontinentalean eta 2021ean brontzea.

Ottensheim-Linzen jokatu zan 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela emon eutson eta 6. postuan amaitu eben, diploma olinpikoa irabazita.

2024ko Pariseko Jokoei begira, barriro be modalidadez aldatu ta bakarka ibilten da orain.

Virginia erizaina da eta orain Euskal Herriko Unibersidadean egiten dituan medikuntzako ikasketak goi mailako kirolagaz buztartzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu