Itziar Laka saritu dabe

Bizkaie! 2024-05-20 09:31   Euskerea berbagai

Epaimahairen ustez, eredu handia izan da, gazteen artean be, euskerea goreneko maila zientifikoan jarriz.

Itziar Laka (Eusko Ikaskuntza). | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak jakinarazo dabe 2024ko Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxaren Humanidadeak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria curriculum nabarmenaren irabazlea. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibersidadeetako eta Musikeneko ordezkariek osotu dabe, Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariakaz batera, Itziar Laka Mugarza izentau dabe 2024ko irabazle.

Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariak ekarpen barritzaileak eta indar handikoak egin ditu euskerearen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernetan dituan mekanismoetan sakontzeko.

Hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritzea lantzen dituan lehenengo ikerketa-taldea sortu eban 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian, estaduan eta nazinoartean, eta hizlari be ibili da hizkuntzalaritzearen arloko nazinoko eta nazinoarteko biltzarretan. Horrezaz gan, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibersidadeetan. Epaimahairen ustez, eredu handia izan da, gazteen artean be, euskerea maila zientifikoan jarriz, metodologia barriak erabiliz, punta-puntako ikerketakaz landuz, egun berebiziko garrantzia daben alorrak jorratuz.

Itziar Lakaren ibilbidean funtsezko dimensinoa da euskerea unibersidadean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskera, Kulturea eta Nazinoartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskera Institutuagaz lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu dau.

Jardun akademikoagaz eta ikerkuntzakoagaz batera, Itziar Lakak lan itzela egiten dau zientziaren eta zientzia-kulturearen zabalpenean. Esangur horretan, epaimahaiak adierazo dau Elebitasunaren inguruan egon diran mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera itxi ditu, euskereari ez ezik, hizkuntzalaritzeari bere orokortasunean be, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria

Aurreko astean, hilaren 7an, jakinarazo eben Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea eta, sariak seigarren edizinoa beteten dauen honetan, Garazi Navasek eta Maite Aizpuruak lortu dabe autortzea Adarbakarra eta soinujolea lan performatiboari esker. 

Proposamenak euskal kulturearen irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzera konbidatzen dabe, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta. Diziplinartekotasunetik (musikea, literaturea eta antzerkia) euskal kulturearen elementuak eguneratuko ditue. Saria 6.000 eurokoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu