'La fábrica de mi padre' dokumentala estreinau dabe

Bizkaie! 2024-05-15 09:45   Zinemea

Bizkaiko langileen eta industriaren historia eta giza kontakizuna berreregiten dauen ikus-entzunezkoa.

Euskalduna Bilbao Jauregian, La fábrica de mi padre dokumentalaren estreinaldia egin da. Bizkaiko langileen eta industriaren historia eta giza kontakizuna berreregiten dauen ikus-entzunezko lana.

Lurralde osoko hainbat eskualdetako lantegi handienetako (esaterako, Bizkaiko Labe Garaiak, Artiach, Backock & Wilcox, Dalia, Euskalduna, La Naval, Nervacero edo La Encartada) hogei ingururen testigantzen bidez, dokumentalak Bizkaiko bigarren industrializazinoaren garai historikoko (1950etik 1990era bitartekoa) arkitektura fisikoa, soziala eta politikoa adierazoten dau.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailak Mikel Toral eta Txutxi Paredes gidoiaren eta zuzendaritzearen arduradunen lanak sustatu eta finantziau ditu, bai eta ekitaldia atondu be. Bertan 400 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, aretoa betez.

Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadako bigarren industrializazino-prozesuak errotik aldatu eban Bizkaiko paisaia. Dokumentalak Bizkaia langile eta industrial horren memoria gorde nahi dau irudien bidez, irudi horreetako asko desagertuta badagoz be, gaur egungo argazkiakaz alderatuz. Irudi horreetako batzuk ezin dira ezagutu, beste batzuk monumentu bezela ikusten dira, baina danek autortzen dabe iragana.

Industria-ondarea defendiduteaz eta jagoteaz gan, instalazino horreei bizia emon eutsienen arimea erreskatau nahi dau lanak, baita langileen kontakizunak be, gizarte osoarentzako eskubideen konkistearen protagonistak dira eta, ahalegin personalari eta burruka kolektiboei esker.

Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputadua eta ahaldun nagusiordea dan Teresa Laespadak holan definidu dau aurkezpenean: XX. mendearen bigarren erdiko Bizkaia industrialaren gomuta justua eta beharrezko lana, milaka lagunen lan gogor eta eskuzabalean oinarritu dana, izan be, gaur egun Lurralde Historiko honetan difrutetan dogun aberastasunaren zati handia hareen izerdi eta pasinoari esker da.

Horrezaz gan, XXI. mendearen hasierako hausnarketan sakontzearen garrantzia nabarmendu dau, izan ginanetik, izango garenaren eta etorriko garen belaunaldien proiekzino koherente eta solidarioa lortzeko, memoriarik barik ez baitago norabiderik.

Ikusi dokumentala hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu