Salma Solaun gimnasteak urrezko domina bi eta brontzezko bat irabazi ditu Portimaon

Bizkaie! 2024-05-13 08:20   Kirola

Taldeak bermatuta dauka garagarrilaren 26an hasiko diran Parisko Joko Olinpikoetan parte hartzea.

Salma Solaun, Ines Bergua, Ana Arnau, Mireia Martinez eta Patricia Perezen aldeak bigarren urtez jarraian irabazi dau Portimãoko (Portugal) Munduko Kopako sailkapen nagusia. Taldeak publikoa eta epaileak konkistau ditu 3 zinta eta pelota biko ariketeagaz, Munduan bakearen aldeko aldarria eginez. Muntaketea hau fintasunez eta arintasunez jorratu eben momenturik motelenetan.

Euren jarduera bikainagaitik, kirolariek 33.600eko notea jaso dabe (18.500 zailtasunean, 8.200 artistikoan eta 6.900 exekuzinoan), parte-hartzaile guztien artean altuena, eta denporaldiko errekorra gainditzeko zorian geratu dira, hamarren batera.

Bost uztaien muntaketa bikainaren batureagaz, gimnastek 70.300 puntu lortu ditue, mailarik goreneko kalifikazinoa eta horri esker, hirugarren aldiz igon ziran podiumera Munduko Kopan, igaz Portimãon lortutako garaipenaren eta oraintsu Bakun (Azerbaijan) lortutako garaipenaren ondoren. Atzo Brasilek (68.850) zidarra jaso eban eta Frantziak (65.050) brontzea.

Urrea irabazi ondoren, aparatuen finaletan parte hartu, dominen lehian ibili eta euren ibilbideko lehiaketarik onenetako bat egin dabe. Lehenengo dominea bost uztaien finalean heldu da, danetara 35.750 puntu lortu dituenean. Atzoko podiuma errepetidu da, Brasil bigarren izan baita, 34.500 puntugaz eta Frantzia hirugarren, 34.050 puntugaz.

Eguneko bigarren finalean be bikaina izan da taldearen jarduna baina oraingoan brontzezko metala irabazi dabe ariketa mistoan. Talde brasildarrak urrezko dominea irabazi dau 32.550eko puntuazinoagaz, Mexikok zidarrezkoa 30.100 puntugaz eta Salmaren selekzinoak brontzezkoa irabazi dau 29.900egaz.

Alejandra Queredaren gidaritzapean, aurreko hitzorduan, apirilean, Bakun (Azerbaijan), domina bi irabazi ditu taldeak, urrezko domina bat sailkapen orokorrean, hiru zinta eta bi pelota biko ariketa bikain bategaz eta zidar bat ekitaldi misto horretako finalean. Bost uztaiaka erabiliz zazpigarren postuan amaitu dabe. Horren aurreko txapelketan, Sofiako Munduko Kopan, zidarra irabazi eben bost uztaien finalean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu