Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketearen deialdia edegi dabe
2024-05-10 13:22 ZinemeaLehiaketaz kanpo, Donostia Zinemaldiak produzidutako bost film labur izango dira.
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak, HAZI Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresa publikoaren bidez, Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketearen bigarren edizinoa deitu dabe. Ekimenaren helburua da Euskadiko produktuak zinemearen bitartez zabaltzea, bertako nekazaritzea, abeltzaintzea eta arrantza munduko jasangarritasunagaz lotutako guztia bultzatuz eta ezagutarazoz.
Aurten, Eusko Label sailak lehiazko film laburrak ezeze (6.000 eta 4.000 euroko sari bana emongo dabe), Zinemaldiak euskal esparruko ospe handiko zinemagileei agindu deutseen bost film labur be batuko ditu lehiaketeaz kanpo.
Lehiaketea
Film laburren izen-emotea egiteko, Zinemaldiaren webgunera jo beharko da gaurtik hasita (hilak 10) bagilaren 17ra arte. Lanek gehienez hiru minutu iraungo dabe, eta telefono mugikorraz eginda egon beharko dira. Filmen gaia Eusko Label sailaren xedeegaz lotuta egon behar da; izan be, Euskadiko landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak uri-gizarteari egiten deutson ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzeko asmoa dau.
Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak dozena erdi film labur aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, eta adituz osotutako epaimahai batek erabagiko ditu Eusko Label sari bien irabazleak. Lehenak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak, 4.000 euro. Film garaileak Zinemaldian emongo dira, eta sariak amaierako galan banatuko ditue.
Lehiaketeaz kanpo
Lehiazko sei lanez gan, Eusko Label sailak aurten Donostia Zinemaldiak produzidutako bost film labur izango ditu, HAZIren balioak sustatzeko euskal esparruko bost zinemagileri aginduko deutsenak. Zinemaldia film labur horreen eskubideen jabe izango da, eta Estaduan eta nazinoartean zabalduko ditue, Eusko Label ekimena Euskaditik kanpo be jakinarazoteko.
Donostia Zinemaldiak Euskadiko lehen sektoregaz eta jasangarritasunagaz daukan konpromisoaren parte da karbono-aztarna txikitzeko neurriak hartuz. Baita ingurumenaz dibulgatzeko eta kontzientziatzeko be, esaterako, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria ekimenagaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!