Audrey Diwan-en 'Emmanuelle' filmak edegiko dau Donostiako Zinemaldia

Bizkaie! 2024-05-08 08:46   Zinemea

Irailaren 20an estreinauko dabe mundu mailan.

Audrey Diwanek zuzendu dauen Emmanuelle produkzino frantziarrak inauguratuko dau Donostia Zinemaldiaren 72. edizineoko lehiaketea. Film luzea irailaren 20an estreinauko dabe mundu mailan, eta bertan izango dira zuzendaria eta aktore nagusiak.

L'événement / Happening filmagaz (2021) Veneziako zinema-jaialdiko Urrezko Lehoia eskuratu eban Diwanek. Emmanuelle, Rebecca Zlotowski zinemagileagaz batera idatzitako lana, Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratzen da. Me Too mugimenduaren osteko aroan, 2023ko udazkenean grabau eban Hong Kongen eta Parisen.  

Noémie Merlant aktore eta zuzendariak (Portrait de la jeune fille en feu / Portrait of a Lady on Fire, Un año, una noche, L’innocent / The Innocent, Tár, Mi iubita, mon amour) pertsonaia nagusia interpretatuko dau Naomi Watts (Mulholland Drive, 21 Grams, The Impossible / Lo imposible), Will Sharpe (The White Lotus), Jamie Campbell Bower (Stranger Things), Chacha Huang eta Anthony Wong aktoreegaz batera.

Chantelouve, Rectangle Productions eta Goodfellas etxeen produkzinoa da. Beta Fiction Spain arduratuko da filma Espainiako lurraldean zabaltzeaz. Donostiako Zinemaldiko aurkezpenaren ostean, Frantzian estreinatuko dabe irailaren 25ean.



Audrey Diwan zuzendari, egile eta gidoilariak Celine Sallette eta Pio Marmaï protagonista dituan Mais vous êtes fous / Losing It lanagaz egin eban debuta. L’événement / Happening bere bigarren pelikulak 2021eko Veneziako zinema-jaialdiko Urrezko Lehoia eskuratu eban. Urte berean, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialeko epaimahaiburu izan zan. 2023an gidoi onenaren César saria eskuratu eban Valeri Donozelli gidoilarigaz batera, L'amour et les forêts / Just the Two of Us filmari esker.
 
Emmanuelle

  • Audrey Diwan (Frantzia)
  • Produkzino herrialdea: Frantzia.
  • Antzezleak: Noémie Merlant, Naomi Watts, Will Sharpe, Jamie Campbell Bower, Chacha Huang, Anthony Wong.
  • Laburpena: Emmanuelle galdutako plazer baten bila dabil, eta Hong Kong-era joango da bakarrik negozio-bidai batean. Uri sentsual eta global horretan, pertsonaia ugari ezagutzeaz gan, Kei-egaz egingo dau topo, behin eta barriz Emmanuelle saihesten saiatuko dan gizona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu