EIZIE-k Minaberri bekea sortu dau Iruñeko Udalagaz lankidetzan
2024-05-02 13:42 KultureaUrtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskeratzea da asmoa.
Urriak dira itzulpengintzeari eskaintzen jakozan bekak eta sariak, eta bat bera be ez dago gazte-literaturea euskeratzeko euskerearen eremu geografiko osoan. Hutsune hori beteteko, EIZIE-k itzulpen-bekea atondu dau, urtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskeratzeko, izan be, irakurteko zaletasuna behera egiten dagoan honetan, kalidadeko lanak eskaini beharra dago irakurle gazteei, euskeraz sorturikoak ez eze nazinoarteko gazte-literaturako lanak be ekarriz euskereari.
Beka honen bidez, alkartearen helburu diran arlo bat baino gehiago landuko dira: itzulpengintzea sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalidadea jagotea, irakurzaletasuna be sustatzeaz batera.
Itzultzaile hasibarriei begira, mentoretza baten bitartez Itzultzaile gazte hasibarriak trebatzeko asmoz, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dabe itzulpen-bekara aurkezteko aukerea eta mentoretzea be aurreikusi dabe atontzaileek, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntzea emon deiotson itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez. Cedroren laguntzea izango dau mentoretzak.
Itzuliko diren lanei jagokenez, nazinoartean osperik handieneko ume eta gazte literaturako sariketak hartuko ditue kontuan: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgren saria. Sariketa bi horreetan sarituak izan diran egileen lanak aztertuko ditu urtez urte horretarako osotuko dan hautaketa-batzorde batek gazte-literaturako lan bat aukeratuko dau, bekearen deialdirako.
Zabalik dago lehen deialdia eta Laurie Halse Anderson idazlearen Speak obrea izango da aurtengo itzulgaia. Lanak aurkezteko epea bagilaren 17an amaituko da. Atontzaileek parte-hartzaileen esku jarriko dau bekarako itzuli beharreko lagina, hemen.
Bekea eskuratzen dauen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu (Iruñeko Udalari esker) eta Aiora Jaka itzultzaileagaz jardungo dau aurten itzulpen-prozesuan.
Beste alde batetik, kulturearen eta letren mundua aintzat hartuta eta genero bardintasunaren ikuspegitik, Marijane Minaberri idazle behenafarraren omenez hartu dau Minaberri izena itzulpen-bekeak. Ibilbide luze eta oparoa izan eban idazleak: ume eta gazte literaturan jardun eban gehien baina jorratu zituen itzulpena, poesia eta antzerkia be jorratu zituan.
Oinarriak eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!