Iñigo Llopis Basque Teameko ugerlariak urrezko dominea irabazi dau Europako Txapelketan
2024-04-23 07:54 KirolaPodiumean Mark Malyar israeldarra eta Bohdan Hrynenko ukrainarra izan ditu lagun.
Bizkar estiloko 100 metrokoa Iñigo Llopisen probea da: zidarrezko dominea irabazi eban 2021eko Tokioko Jokoetan, ondoren 2022ko Mundu mailako zidarra eta azkenik 2023an Manchesterren jasotako Munduko Txapeldunaren titulua. Lasterketa ikaragarria egin eban Llopisek, eta azken 30 metroetan gora eginda 1:05.32ko denporea ezarri eban.
Llopisek lasterketa irauli egin dau bigarren zatian, Madeirako Europako Txapelketako 100 bizkarreko S8 (ezintasun fisikoa) proban. Gipuzkoarrak Bohdan Hrynenko ukrainarra gainditu dau buruz burukoan, eta lehen postuan amaitu dau bere txandea, jokatutako txanda bietako ugerlari azkarrena izanik.
Arratsaldean, laugarren kalean uger eginez, Iñigo Llopisek upealako lana egin da bere proba gustokoenean metal preziatuena eskuratzeko. Hasieratik jarri da aurretik; oraingoan ez da beharrezkoa izan lasterketearen bigarren erdira arte itxarotea. 32.23ko denporagaz hormea ikutu dau, lehen aitatutako Hrynenkok (32.64) hurretik jarraitu deutso eta bigarren 50 metroak egiteko 1:06.25 behar izan ditu, erraz irabazteko. Iñigok podiumaren leku magikora igon dau, Mark Malyar israeldarra (1:07.57) eta Bohdan Hrynenko ukrainarra (1:08.87) lagun izan dituala.
Bihar Iñigo Funchaleko Olympic Pools Complexean uretan sartuko da barriro be tximeleta estiloko 100 metroak jokatzeko eta Nahia Zudairek bular erako 100 metroko proban parte hartuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!