UPV/EHUk Athletic Clubeko Errendimendu Handiko Zentroan lagunduko dau

Bizkaie! 2024-04-19 08:44   Kirola

Kirol jarduerak, ikastaroak eta proiektu akademikoak jorratzea da asmoa.

Eva Ferreira (UPV/EHUko errektorea), Jon Uriarte (Athletic Clubeko presidentea) eta Gorka Moreno (EHU). | Ikusi handiago | Argazki originala



Athletic Clubeko presidenteak, Jon Uriartek, eta Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) errektoreak, Eva Ferreirak, akordio bat sinatu dabe Lezamako instalazinoetan, erakunde bien artean kirol jarduerak, ikastaroak eta proiektu akademikoak bultzatzeko. Hitzarmenak gure lurraldeko erakunde garrantzitsuenetako bi batzen dituan alkarren mesederako lankidetza-espirituari jarraipena emon eta formalizetan dau. Osasuna ezinbesteko gaia da gizartearentzat eta neurri handi batean zientziaren eta ikerketearen arloan jazoten aurrerapenen menpean dago.

Era berean, kirol-medikuntzea, nutrizinoa, psikologia eta fisiologia dira kirol-errendimendua baldintzatzen daben lan-arloak, izan be, akordio honetan horreek hazteko beharrezko egiturak alkarbanatuko ditue.

Jon Uriarterentzat, Euskal Herriko Unibersidadeagazko lankidetzeak Athletic Cluben oinarrizko bi helbururi erantzuten deutse: Alde batetik, Lezamako, gure futbol eskolako, kirol errendimendua maximizetako helburuan lagunduko deusku eta, bestetik, gure konpromiso soziala beste behin berresten dogu.

Bestalde, Eva Ferreira errektoreak honakoa adierazo dau: Athletic Club erakunde enblematikoa da,
historiaz betea eta etorkizun handikoa. Horretan euskal unibersidade publikoaren antza dau. Erakunde biok beste batzuetan be alkarregaz lan egin dogu, baina hitzarmen honek itxaropena eta indarra zabaltzen deuskuz arlo akademikoan eta kirol arloan, eta ziur nago horreek aprobetxetan jakingo dogula, gure gizartearen mesedetan.

Iñigo San Millanek zuzentzen dauen Athletic Clubeko Errendimendu Handiko Zentroa garatzeko hitzarmenak beteten dituan jarduerak honako honeek dira:

  • Lankidetza-proiektuak ezartzea Athletic Clubeko futbolarien errendimendua hobetzeko (UPV/EHUko Athletic Club Gelea).
  • Patenteak lortzea sustatzea.
  • Kirol-errendimenduaren inguruko prestakuntza osogarriko unibersidade-ikastaroak sortzen laguntzea.
  • Enpresa-gela bat sortzea, GrAL eta MAL lako ikasleei lagunduko deutsen kirol-arloko eta kudeaketa-arloko proiektu estrategikoak babesteko eta gauzatzeko.
  • Curriculumetik kanpoko praktikak kudeatzea.
  • Eliteko kirolarientzako unibersidade-programea bultzatzea.
  • Kirolari profesionalei graduko eta graduondoko ikasketak egiteko aukerea erraztea.
  • Futbolariak tutorizetea garapen akademikoan, UPV/EHUko kirolarientzako Tutoretza Planaren bidez.

Era berean, akordioak interes orokorreko eta sozialeko honako puntu honeek jasoten ditu:

  • UPV/EHUko Kirol Eskolak ezartzea, Bizkaiko Campuseko emakumezkoen futbol-diziplinan.
  • EHUko unibersidadeko barruko-lehiaketeari laguntzea.
  • Bizkaiko campusean futbola sustatzeko jardueretan parte hartzea, berbarako, Kirol Egunean.
  • Osasuna hobetzeko (gaixotasunen prebentzinoa) jarduera fisikoko eta nutrizinoko programak garatzea, Iñigo San Millán buru dala.
  • Kirolean indarkeriari aurre egiteko hezkuntzearen alde egitea: ATERPE programea erreferentziatzat hartuta.
  • San Mamesen edadekoei kasu egiteko boluntariotza-proiektuan laguntzea.

Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango dau hasieran, baina automatikoki luzatzeko aukereagaz, akordioan jasotako helburuak lortzen laguntzen badau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu