XV. Oiz Erronkea / Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistea bagilaren 15ean

Bizkaie! 2024-04-15 10:32   Kirola

Aixerrotapek Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistea izenagaz be ezagutzen dana iragarri dau.

Aixerrotapeko presidente Agustin Mateosek bagilaren 15ean Urdaibain egingo dan probearen hiru ibilbideak aurkeztu ditu: Iraupen Martxea, Iraupen Erdiko Martxea eta Iraupen Luzeko Martxea. Bestalde, Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapeneko Alkarteko kudeatzaileak, Urdaibai Bike Reserve proiektuan egiten dabizen ekitaldiak azaldu ditu. Aurkezpen-ekitaldian, Juan Mari Guajardo kazetariak zuzendua, David Secori omenaldia egin jako, txirrindularitzan egindako ibilbideagaitik eta Urdaibaiko bizikleta-kultureari egindako ekarpenagaitik. Ekitaldiaren ondoren Urdaibaiko Esentziak probau ditue Urremendiren eskutik.

Txirrindularitza maite dauen talde jentetsu bat, besteak beste, Beñat Intxausti, Ziortza Villa, Pedro Horrillo, Bingen Fernández, Gorka Gerrikagoitia edo Arsenio González, eta edizino honetako enpresa babesle eta laguntzaileak Gernikako-Lumoko Neguetxean batu dira Oiz Erronkea – Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistikoa aurkezteko. Hamalau urte bete dituan martxa zikloturista hau, euskal egutegi zikloturistearen barruan ezinbesteko hitzordu bihurtu da.

Kontuak kontu, Aixerrotapeko Agustin Mateosek hiru ibilbideak aurkeztu ditu: Iraupen Martxea (Gozau Urdaibai), Urdaibaiko eremua esplorau nahi daben zikloturistentzat aproposa. Iraupen Erdiko Martxeak (Bizkaiko Kostaldea) Urdaibaiko bazter biak zeharkatzen ditu eta Uribe Kosta eta Lea Artibai eskualdera heltzen da. Eta, azkenik, Iraupen Luzeko Martxea (Oiz Erronke), ibilbiderik gogorrena, iraupen Erdiko ibilbidea buztartzen dauena, Ondarroara helduko dira parte-hartzaileak eta Oiz mendiaren gailurrera igongo dabe; norberaren burua neurtzeko eta muga personalak gainditzeko probea.

Urtero legez, Aixerrotapek txirrindularitzearen munduko personaia ezagun bat omentzen dau, kirol honi egiten deutson ekarpenagaitik eta aurten omenaldia David Secori egin jako, txirrindulari profesionalean egindako ibilbide luzeagaitik eta Urdaibaiko bizikleta-kultureari egindako ekarpenagaitik.

Oiz Uria

Aisialdirako gunea (azoka edo Fan Zone formatukoa), probearen bezperan izango da, bagilaren 15ean, hain zuzen be. Bertan dorsalak jasoteaz gan, bai parte-hartzaileek bai herriko biztanleek edo bisitariek be txirrindularitzeagaz lotutako enpresak ezagutu eta Urdaibaiko esentzietako pintxo eta txakolinaz gozetako aukerea izango dabe.

2023. urteagaz konparauta, emakumeen presentzia % 47 igon da

800 lagunek baino gehiagok emon dabe. Hiru ibilbide horreek Urdaibaiko zikloturismoa eta edertasuna jente guztiari hurreratzeko asmoagaz egin dira. Kronometrau bako proba honetara Euskadi osoko, estaduko
eta beste herrialde batzuetako zikloturismo-zaleak batuko dira. Aurten, gainera, nabarmentzekoa da emakumeen izen-emoteak % 47 igon dirala, izena emon daben guztien % 20, hain zuzen be.

Urdaibai, erreferentziazko helmuga zikloturistikoa

Urremendik Urdaibaiko estrategia zikloturistan emon diran eta emongo diran urratsen barri emoteko balio izan dau jentaurrekoak: Aitziber Ansotegi, Urremendi Landa Garapeneko Alkarteko kudetzaileak, 2023an egindakoak azaldu ditu, bai eta Urdaibai Euskadiko eta Estaduko erreferentziazko zikloturismo-helmuga legez finkatzeko bihar-etzi planteautako estrategia be. Estrategia honi esker, pedal kolpez deskubridu ahal izango dira gune berezi honetako historia eta paisajeak, modu jasangarrian eta ingurumena errespetauta. Holan, Urremendik lanean jarraitzen dau Urdaibaiko zikloturismoa espezializetako. Sektore horrek lurraldearen eta bere enpresa-sarearen garapen ekonomikoari laguntzeko beharrezko faktoreak batzen ditualako, ingurumena errespetetan daben turismo-eredu jasangarriak bultzatzen ditu eta bizikletea sustatzen dau bizilagunen eta bisitarien garraiobide legez.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu