Salma Solaun gimnasteak zidarrezko dominea irabazi dau Sofiako Munduko Kopan

Bizkaie! 2024-04-15 08:01   Kirola

Basque Teameko arabarrak podiumeko bigarren postura igon dau.



Salma Solaunen taldea txapeldunorde izan da Sofiako Munduko Kopako bost uztaien finalean. Nazinoarteko lehiaketeak, denporaldiko bigarrenak Parisera begirako ariketak probetako balio izan deutse, dagoeneko Jokoetako txartela ziurtatuta baitabe.

Greziako denporaldi-hasiera irregularraren ondoren, tapizaren gainean hobetzen jarraitzea da asmoa, hori behar dabe aurtengo hitzordu nagusira, Parisera, maila egokian heltzeko, eta gorriz markautako hitzordu horreetan, abuztuaren 9 eta 10ean, podiuma zapaltzen saiatzeko, 2016an Rio de Janeiroko hitzordu olinpikoan egin eben legez.

Bariku honetan Solaunen taldeak bost uztaien ariketearen sailkatze saioa egin eban ikutu klasiko eta modernoak buztartzen dituan koreografia flamenko bategaz. B taldean egozan, Poloniagaz (urrea Palaio Faliron), Italiagaz, Israelegaz (potentzia bi Parisen), Bulgariagaz (anfitrioia), Frantziagaz (ezezaguna, aurten debutau baitau) eta Alemaniagaz (beti arriskutsua) batera. Bosgarren postuan amaitu eben, 34,450 puntugaz eta finalerako sailkatu ziran Israel, Italia, Brasil, Frantzia, Mexiko, Bulgaria eta Ukrainagaz batera.

Atzo, pelota eta zinten ariketa mistoaren sailkapen-txandan, Alejandra Queredak gidatutako emakumeek ez eben finalerako txartela lortu, taulan hamargarren eta erreserban geratu ziran. ‘All around’-ean 61,500 puntu lortu zituen eta zortzigarren postuan amaitu eben.

Palaio Faliroren finaletan, denporaldiko lehen Munduko Kopan, Espainiak saio bietan huts egin eben finaletan eta azken aste honeetan akatsak kontuan hartzen eta horreek leuntzen ahalegindu dira. Gaurko bost uztaien finalean alderdi asko hobetzea lortu dabe. Salma Solaunen taldea bigarren izan da bost uztaien finalean, 35,600 puntugaz, Israelen atzetik eta Mexikoren aurretik.

Denporaldiko hurrengo geldialdia Bakuko Munduko Kopan (Azerbaijan) izango dabe apirilaren 19tik 21era.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu