'Gulakorik ez dago, txapeldunak gara!!!'
2024-04-12 08:43 KirolaKopea irabazi ondoren eta itsadarrean gora gabarran eginda, ehun milaka edo miloeka lagunen gozamenerako.
Bilboko udaletxea izan da agertoki nagusia milaka personak Athletic Clubi eskaini deutsen omenaldi jentetsuan, joan dan zapatuan Sevillan Real Club Deportivo Mallorca taldearen kontra jokatutako partiduan Kopea irabazi ondoren.
Txapeldunak baltzez idatzita eukan kartel zuri-gorri batek eta balkoietatik zintzilikatutako banderola luzeek gogora ekarri dabe 1984an udaletxeak eban etxurea, Kopan izandako aurreko garaipenaren harian Athletici egin jakon harreran. Bitxikeria legez, ekitaldian izan dira Rafael Moreno Pitxitxi eta Lina neskalaguna irudikatzen dituen erraldoiak be.
Abratik itsasadarrean gora egin ondoren, Athleticeko gabarra historikoak udaletxearen ondora ekarri ditu Athletic Clubeko jokalariak eta taldeko zuzendaritzeagaz batera egin deutse harrerea korridorea osotuz atondutako Beti Jai Alai taldeko jantzariek, ondoan 1984ko harreran parte hartu eben Salbatzaile Dantza Taldeko kideak zituela, eta Udal Korporazinoak, Juan Mari Aburto Alkatea buru.
Klubaren omenez eta athleticzaleen omenez egindako ohorezko aurreskua amaituta, harrera instituzional laburra egin da Udaletxeko Arabiar Aretoan, eta bertan, Alkateak zein Athleticeko Presidenteak gogora ekarri dabe gabarrearen orain arteko azken ibilbidea orain 40 urte egin zala, uria hondatu eben urioletetik hilebete gitxira.
Horregaz batera, beren-beregi nabarmendu dabe Athletic Club dala Bilboko Udalak emoten dituan autortzea eskuratu dituan erakunde bakarra: Urrezko Dominea, 1998an klubaren mendeurrenean emondakoa eta 2012ko Uriko Enbaxadore titulua.
Emozinoz eta esker onez betetako berben ondoren, ekitaldiko momenturik garrantzitsuena heldu da: Athleticeko jokalariek balkoitik egin beharreko agurra, udaletxearen inguruan batutako hamarnaka mila lagunen txaloak eta “txapeldunak, txapeldunak” oihuak eragin dituana.
Ekitaldia amaituta, Athleticeko jokalariek eta zuzendaritzako kideek autobusez zeharkatu ditue Bilboko erdiguneko kale nagusiak Bizkaiko Foru Aldundian adostua eben hurrengo geldialdiraino.
Juan Mari Aburto Bilboko alkate Athleticzale amorratuaren berbak emozinoz bota zituen eta, besteak beste, ondokoak esan zituan: herritik sortu zinalako, maite zaitut herriak. Zuek ondo dakizue Kopa hau ez dala kopa arrunta, guk nahi genduan Kopea da, oso berezia. Aurten Bai, kaleetan zabizien Athleticzale eta hemen zagozen guztioi, gaur, zuek eta gu, bilbotar guztiok, Athletic gara! Zorionak!!!
Asier Villalibre gernikarraren berbak be ez doguz ahaztuko: ez ahaztu inoiz Athleticen oinarri garrantzitsuenetako bat euskerea dala, euskeraz bizi, ez dakizue benetan ze polita dan zuek euskeraz entzutea, San Mamesen, Bilbon, kaletik, edonondik....
Bilboko udaletxetik, Bizkaiko Foru Jauregira joan eta Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia izan da buru Athletic-eko jokalari, entrenatzaile eta teknikariei nahiz zuzendaritzeari egin jaken harreran. Etxanobek esandakoen artean ondokoa nabarmenduko dogu: Kopa honek sendotu egiten dau guztion arteko loturea eta Athleticen balioak transmitiduteko darabilgun katea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!