Euskaltelek kamiseta barria eta dokumental esklusiboa aurkeztu ditu
2024-03-27 07:50 KirolaEuskaltel-Euskadik Itzulia inaugurau dau Guggenheim Museoan.
Jon Aberasturi, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Víctor de la Parte, James Fouché, Txomin Juaristi, Gotzon Martín eta Iker Mintegi dira Itzuliari aurre egiteko kirol-zuzendaritzeak aurrez hautatutako bederatzi txirrindulariak. Astean zehar, Jorge Azanza kirol-arduradunak zehaztuko ditu azkenean lasterketan lehiatuko diran zazpi txirrindulariak.
Bilboko Guggenheim Museoan egindako jentaurrekoan, Euskaltelek eta Euskaltel-Euskadik berretsi dabe ilusinoa, konpromisoa eta motibazinoa dabela denporaldi honetako lasterketa berezi eta hunkigarrienean parte hartzeko, etxean eta euskal zaleen aurrean. Euskalteleko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek anfitrioi-lana egin dau, agintariek lagunduta, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru, babesleen, txirrindulari ohien, komunikabideen eta publikoaren aurrean, Auditorioan egindako ekitaldi dinamikoan, Iker Amarika gidari eta animatzaile zala.
Ondokoa nabarmendu dau Jon Ander de las Fuentesek: emozino bereziz bizi gara egunotan: gure txirrindulari-taldea aurkeztuko deutsuegu, 100 urte bete dituan Itzulia gure errepideak eta gure bizitea laranjaz argiztatuko dituenak. Guretzat, ohorea eta pribilegioa da beti lasterketa honetan egotea, gure tour berezian, etxekoan. Itzuliak, kirol-erronka izateaz gan, etxearen eta errotzearen garrantzia gogorarazoten deusku, sustraiak izatearen garrantzia. Urtez urte, Itzuliak aukerea emoten deusku etxera bueltau eta Euskal Herriko txoko guztiak laranjaz jazteko.
Kontuak kontu, hautatutako bederatzi txirrindularietatik zortzi euskal harrobikoak dira eta horreetatik zazpik armada laranjan debutau dabe profesionaletan. Holan, 2018an Euskaltel-Euskadi barriro martxan jarri zanetik, 24 txirrindularik egin dabe salto amateurretatik profesionaletara. Horrek esan nahi dau taldea nazinoarteko tropeleko munduko onenen artean dagoala eta 1994tik erreferentzia historikoa dala; ondare parebako, Marea Laranjeari eta harrobiari esker.
Aitor Galdós, Euskadi Fundazinoko burua eta Euskaltel-Euskadiko managerra: Badator Itzulia, eta, horregaz batera, denporaldiko unerik garrantzitsuenetako bat gure gizonezkoen talde profesionalarentzat: Euskaltel-Euskadi. Etxeko etapakako lasterketea da, eta, guretzat, esangura berezia dau. Sutsu bizi dogu lasterketea, eta egunero ehunetik ehun emoteko erantzukizuna geugan hartzen dogu. Egun horreetan Euskadiko errepideak beteko dituen milaka zaleei zor deutsegu, pasinoa eta indarra erakustea beti. Euskadi Fundazinoan azken hilebete honeetan jazotakoaz, aldaketa-garaia izan dala nabarmenduko neuke, berregituratze sakona egin dogu, beharrezkoa antolaketa sendoagoa eta jasangarriagoa lortzeko. Prozesu horretan, eskerrak emon nahi deutseet patronatuari eta sortutako lantaldeari, beren inplikazino eta dedikazinoagaitik. Euskadi Fundazinoak, bere balioei atxikita, gogotsu eta adorez jarraituko dau lanean, ezarri ditugun helburuak lortu ahal izateko. Hobetzeko pasino hori proiektu honen esentzian dago. Txirrindulari-herria gara, eta historia handia dogu kirol honetan, lanean jarraitu behar dogu. Ames egitea inportantea da amesetatik sortzen baitira balentria handiak! Azkenik, aitamen berezia egin nahi deutset babesleei eta bazkideei. Unerik gatxenetan baldintza barik emon deuskuzuen babesari esker gagozalako gaur hemen. Espero dogu, eta nahi dogu Euskadi Fundazinoa bizirik eusteko beste 31 urtez.
Euskaltelen kamiseta barria
Aurkeztutako kamiseta barriak Kukuxumuxuren diseinua dakar: zaleek txirrindulariei —Beelorzia ahuntzak ordezkatzen dituala— emondako laguntzea eta leialtasuna irudikatzen dau. Hori guztia Elkarrekin lemapean. Euskaltel-Euskadik bere zaleakaz, Marea Laranjeagaz dituen hartu-emonen ezaugarririk nabarmenena leialtasuna da, baldintza bako babesa eta pasinoa. Horregaitik, alkarregaz urrun helduko dira, eta idea horixe transmitiduten dau diseinu barriak.
Euskaltelen Marea Laranja bultzada handia da txirrindularientzat eta horixe nabarmendu dau Jon Ander de las Fuentesek, Euskalteleko zuzendari nagusiak: Gure taldearen ezaugarririk nabarmenena taldearen eta Marea Laranjaren artean sortutako familia da, inon parekorik ez dauena eta parte hartzen dogun lasterketen mailea igoten dauena. Bien arteko loturea mirespen eta babes hutsa baino gehiago da, bultzada nekaezina da errepideetatik kaleetaraino. Aurten be Marea Laranja igarriko da Itzulian.
Marea Laranjari buruzko filma
Aurten, espero zan Euskaltelen kamiseteagaz batera, guztiz barria dan Marea Laranjari buruzko filma da: Andrea Naveran Euskalteleko marka-arduradunak eta Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak dokumentalaren barri emon dabe lehen aldiz. Museoko auditoriumean, bertan egozan personek film luzearen 45 segundoko laburpen bat ikusi eta noiz plazaratuko dan jakin dabe: 2024ko udagoiena.
Euskaltel eta EITBalkarregaz ibiliko dira datozen hileotan dokumentalean, eta modu parebakoan jasoko dau Euskaltel-Euskadiren zaleen bereizgarri diran sentimendua, pasino eta indarra: benetako Marea Laranjaren izakerea. Irudi horreek ikusleen bihotzeraino dartuko dira eta txirrindularitzearen zaleak eta ez zaleak hunkitzeko kapaz izango dira.
Dokumental luzea izango da eta txirrindularitzearen munduagaz zerikusia daben persona ugarik hartuko dabe parte. Taldearen sorrerea eta bilakaerea azalduko dabe, bai eta haren zaleek Espainiako eta nazinoarteko txirrindularitzearen munduan izan dauen eragina be.
Gizarte osoa eta kirol honen zaleak proiektu honetan partaide egiteko, euskal operadoreak euskaltel.eus/marealaranja webgunea atondu dau, nahi dabenek euren bideoak konpartiduteko aukerea izan deien eta filmeko azken kredituetan sartu daitezan, ekarpena eskertzeko.
Itzulia
Jorge Azanza kirol-zuzendariak, Jon Aberasturi, Mikel Bizkarra eta Iker Mintegi Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek, gonbidatu berezi batek — Iban Mayo, 2003an Itzulia irabazi eban eta 2004an bigarren izan zana— eta Roberto Laiseka Itzuliaren zuzendari teknikoak —beste ikono laranja bat— ibilbidea aztertu dabe: sei etapa izango dira, apirilaren 1etik 6ra. Istorio eta pasadizo batzuk gogorarazo ditue, eta, giro lasai eta atseginean, irabazlea nor izango dan iragarten be saiatu dira.
Ibilbidea:
Apirilak 1, astelehena. 1. etapea: Irun - Irun, 10 km, banakako erlojupekoa.
Apirilak 2, martitzena. 2. etapea: Irun - Kanbo, 160 km.
Apirilak 3, eguaztena. 3. etapea: Ezpeleta - Altsasu, 190,9 km.
Apirilak 4, Eguena. 4. etapea: Etxarri Aranatz - Legutio, 159 km.
Apirilak 5, barikua, 5. etapea: Gasteiz - Zornotza, 175,9 km.
apirilak 6, zapatua, 6. etapea: Eibar - Eibar, 137,8 km.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!