Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 120 proiekzino baino gehiago eskainiko ditue

Bizkaie! 2024-03-21 08:36   Zinemea

Klasikoak programearen barruan dator ekimena.

Joxean Fernández eta José Luis Rebordinos | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 120 proiekzino baino gehiago eskainiko ditue apiriletik irailera Klasikoak programearen bitartez: klasiko zaharrak zein modernoak izango dira ikusgai, pelikula ospetsuak zein bila ibili ondoren topautakoak. Klasikoak markeagaz batzen da zaharbarritutako hamabi filmez osoturiko zikloa. Apiriletik bagilera bitartean, Euskadiko Filmategiak Lumière Saioak izenburupean atondu ditu proiekzinoak Gasteizko Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan eta Donostiako Tabakaleran, baita Iruñeko Golem eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan be. Horrezaz gan, beste ziklo bi izango dira irailean, Donostia Zinemaldiaren barruan: alde batetik, aurten polizia-generoari eskainitako atzerabegirakoa, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenekoa. Eta, bestetik, Donostia Zinemaldian emoniko Klasikoak saioak, izan be, 66. edizinotik, ikusgai izan dira genero horretako zenbait film, besteak beste, Akai Tenshi / The Red Angel, Yasuzo Masumura zinemagilearena, Zacharovannaya Desna / Enchanted Desna Yuliya Solntseva egilearena, edo Sátántangó, Béla Tarr zuzendariarena, besteak beste.

Beraz, denporan eta espazioan zeharreko jaialdia da, zinema klasikoari eskainia. Klasikoak programeak Donostia Zinemaldiaren tradizino historikoari jarraitzen deutso, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituan zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen be, 1959an hasi zan eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoagaz. Esangura horretan, Euskadiko Filmategiak be gogor egiten dau filmak zaharbarritzeko eta zabaltzeko.

Proiekzinoez gan, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra atzerabegirakoari loturiko liburu bat be argitaratuko da, Felipe Cabrerizok idatzia —zikloaren komisario izan zan Quim Casasegaz batera—, eta irailean barriketaldia izango da, film-ondarea zaharbarritzeari, jagoteari eta zabaltzeari buruzkoa.

Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariaren eretxiz, Klasikoak zikloari esker, garai guztietako zinema ekarriko dogu gaurko egunera, eta, neurri handi batean, nazinoarteko beste zinemateka batzuekaz izaniko lankidetza-sareari esker izango da posible, beren zaharbarritzeak aurkeztuko baititue. Zinema beste arteak baino gazteagoa da, baina klasikoak be baditu. Beraz, oinarrizkoa da sortu ziraneko baldintzetan eskuratu ahal izatea (zinema-aretoa, kopia onak, jatorrizko bersinoak...) gure erakundeen kultura zinematografikoa transmitiduteko.

Bestalde, José Luis Rebordinosek adierazo dauenez, Klasikoak programak bikain erakusten dau erakunde bi batu eta alkarregaz lanean hastean —kasu honetan, Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldia—, urrunago heldu daitekezala eta esangura eta indar handiagoa emon leikioela beren kabuz egiten dituen proiektuei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu