XXI. Laburbira, euskerazko film laburren zirkuitua apirilaren 12tik maiatzaren 12ra
2024-03-04 10:27 ZinemeaIkusleek film labur onena hautatzeko aukerea izango dabe.
2024ko Laburbira Euskal Herri osoan egingo da eta Durangoko Zugaza zinema-aretoan egingo dan aurre-estreinaldiak edegiko dau, apirilaren 11an.
Laburbira, euskeraz sortu eta produzidutako film laburren zirkuitua da eta helburuak dira: euskal zinemagintzea hauspotzea eta, bestetik, zinemagileei euren lanak erakusteko aukerea emonaz, herritarrei euskeraz sortutako film laburrak ezagutarazotea.
20 urteotan erantzun bikaina izan dau Laburbirak, izan be, euskal zinemagintzearen erakusleiho erreferentziala da eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen dauen neurrian, industria osoaren pizgarri be bada.
Aurten, 22 lan aurkeztu dira eta horreetatik, 8 film hautatu dira herriz herri erakusteko. Danetara, 87 minututako film-labur sorta ikusgarria osotu da ikusleei ahalik eta saio aberasgarrienak eskaintzeko. Denetariko lanak dira eduki zein estiloz, horreetako asko daborduko zenbait zine jaialditan saritutako lanak.
Ondokoak dira aurten ikusgai izango diran film-laburrak:
- Dena asmatuta dago (Jone Arriola).
- Katalinaren zoria (Guillermo Ordás).
- Erro (Amaia Lejarreta).
- Babesa (Ander Iruretagoyena).
- Mundu berri bat (Mikel Alvarez)
- Zirrara (Ane Cuesta).
- Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet).
- Betizu buru (Ander Iriarte).
Kontuak kontu, Laburbira edozein herritan atondu daiteke eta alkarte zein udalen izen-emotea zabalik dago webgunean martiaren amaierara arte. Bertan aukeratu leikie atontzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra zein egunetan eta non atondu nahi daben emanaldia. Horrezaz gan, sortzaile eta ikusleen arteko harrtu-emonak erraztu eta sendotzeko asmoz, zuzendariakaz barriketaldiak atontzeko aukerea be badago proiekzinoak akabau eta segiduann.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!