'Gurot' euskal tribial birtualaren talde-lehiaketea martxan da
2024-02-22 09:01 Euskerea berbagaiGazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu.
Bizkaiko gazteen artean erantzun handienetako jolasa barriro be bueltan da. Oraingoan, edizino barritua eta osotua dakar, dagoeneko 11 eskualdetara zabaldu dana. Izen-emotea, zezeilaren 26tik martiaren 14ra izango da.
2023. urtean 3.200 gazte bizkaitar ibili ziran Gurot aplikazinoagaz olgetan. Helburua, gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeaz gan, gazteei euren aisialdirako jolas edo tresna egoki bat eskaintzea da, galderei erantzunez sariak irabazteko aukerea emonda.
Zezeilaren 26an hasiko da lehiaketea. Parte hartzeko, gazteek hiru laguneko taldeak osotu beharko ditue; behin hori eginda, ahalik eta galdera gehien erantzun. Udal edo mankomunidade bakotxeko talde bi onenek herriko sariak irabaziko ditue, eta lehenengoa final handira pasauko da. Finala, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, San Mamesen jokatuko da apirilaren 26an.
Banakako lehiaketea
Taldekako lehiaketearen aurretik, irailetik abendura bitartean, banakako lehiaketea jokatu zan. Bizkaiko ondoko herri eta mankomunidade honeek atondu eben: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao eta Enkarterri, Durangalde eta Txorierriko mankomunidadeak; Aldundiaren zerbitzu dan Alkarbideren lankidetzeagaz.
Fase horretan gazteek banaka erantzun eben Gurot-ek batzen dituan galderak, Euskal Herrikoak eta mundu zabalekoak. Galdera horreek gazteentzat egokituak dagoz eta aldian-aldian barritzen dira. Gaur egun, 3.000tik gora galdera eskaintzen ditu Gurot-ek eta apurka-apurka gazteentzat erakargarri eta interesekoak izango diran galdera gehiago sartzea aurreikusi da.
Gurot 2024, barritua eta zabalagoa
Proiektua indar handia hartzen dago eta aurten programa informatikoa barritzea erabagi da, bisualagoa eta erakargarriagoa izan daiten, punta-puntako enpresa baten eskutik (Egunean Behin programa ezaguna sortu dauena). Eguneratze horretan, inbersino handia egingo da aurten.
2023ko udagoienean Bizkaiko hainbat herritara zabaldu da Gurot, hain zuzen be 11 udal eta mankomunidadetara; Bizkaiko mendebaldetik hasi eta ekialderaino.
Ganera, finalean parebako sariak irabazteko aukerea egongo da: esaterako, asteburuak Madrilgo Warnerren, Irri Sarri Landen eta Miarritzeko Cité de LÓceanen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!