Teresa Errandoneak agur esan deutso goi mailako kirolari
2024-02-16 13:20 KirolaBost aldiz izan da Espainiako txapeldun, Europako eta Munduko txapelketetan be ibili da eta Tokioko 2021eko Jokoetan olinpikoa izan zan.
Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Juan José Anderez Euskadiko Atletismo Federazinoko presidenteak, Leire Guerenabarrena Euskal Federazinoen Batasuneko gerenteak eta bere ibilbideko persona garrantzitsuenetako batzuek lagunduta, tartean familia, lankideak eta Ramón Cid entrenatzailea, Teresa Errandoneak atletismoari agur esateko erabagia hartu dauela jakinarazo dau.
Teresa Errandonea Irunen jaio zan 1994an, kirola gustuko eban familia batean; haren osaba José María Errandonea txirrindulari profesionala izan zan eta hainbat etapa irabazi zituan Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean. Teresak zortzi urtegaz ekin eutson atletismoari eta berehala nabarmendu zan hesi-lasterketetan eta luzera jauzian, azken proba horretan 16 urtez azpiko Espainiako txapeldun izan zan 13 urtegaz. Bost urte aurrerago, lehen aldiz Espainiako txapeldun izan zan, kategoria absolutuan, pista estaliko 60 metroko proban. Halan da be, errandonearen ibilbidean 100 metroko hesi-lasterketea izan da bere proba nagusia (60 metroko hesi probea pista estalian).
Aitatutako Espainiako txapelketea irabazi ondoren, denporaldi batzuk emon zituan bere marketan irabazi barik eta, ondorioz, 2018ko maiatzean aldaketarako momentua zala jaubetuta Ramón Cid entrenatzaileagaz lanean hasi zan. 2019an Espainiako bigarren txapelketea irabazi eban aire zabalean, eta nabarmen hobetzen hasi zan. 2020an, 8.00,4ra bajatutea lortu eban 60 metroko hesi proban eta, holan, pista estalian Munduko Txapelketara joateko gitxieneko markea lortu eban. Dana dala, COVID-19ko pandemiaren ondorioz, txapelketa hori bertan behera geratu zan.
2021ean, nazinoarteko txapelketak bueltau eta debuta egin eban goi mailako hitzordu batean, pista estaliko Europako Txapelketan, 60 metroko hesi lasterketan finalerdietan sartuz. Uda horretan bertan, Nazinoen Arteko Europako Txapelketan estaduko selekzinoaren bosgarren postua lortzen lagundu eban 100 metroko hesi proban hirugarren amaitu baitzeban. Ondoren, bere lehen Joko Olinpikoetan lehiatu zan, Tokiokoetan, baina lehen txandea gainditu barik.
2022ko pista estaliko denporaldian aurreko urteetako mailarik emon ez arren, Munduko Txapelketan parte hartu eta finalerdietara heldu zan. Handik gitxira, lesino bat izan eban soleoan eta, ondorioz, ezin izan eban lehiatu urtearen amaieran.
2023ko udan Espainiako selekzinoko kide izan zan Krakovian jokatutako Europako Jokoetan eta seigarren postuan geratu zan 100 metroko hesi-proban.
Teresa gogor ebilen lanean bere bigarren Jokoak izango ziranetarako sailkatzeko, hau da, uda honetan Parisen egoteko, baina Akilesen orpazurdetan izandako eragozpenek, batez be lan-kargea handitzen zanean, goitik behera joian. Azken hilebeteak, baita nazinoarteko kontzentrazinoak be, nahiko gogorrak izan dira, eta erabagia hartzea gatxa eta gogorra bada be, Teresa Errandoneak pentsau dau egoera horretan jarraitzeak kalte edo min psikologikoa besterik ez eutsola ekarriko: ez da bape erraza izan erabagia hartzea, baina ez nintzan ondo sentiduten. Etapa hau bertan behera itxi behar neban aurrera egin ahal izateko. Orain, nire bizitzako beste alderdi batzuetan jarri behar dot arretea, baina urte honeetan guztietan jaso dodan babesa eskertu nahi dot, batez be goi mailan pasau ditudan urteetan jasotako sostengua. Eskerrak emon nahi deutseet familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, taldekideei eta urte honeetan guztietan nire ondoan egon diran babesle eta erakunde guztiei azpimarratu dau Errandoneak.
Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak nabarmendu dau sano garrantzitsua izan dala Teresa Errandonea lako kirolari bat izatea atletismoa bezain zorrotza dan kirol batean: programa olinpikoaren barruan dagozan kirol guztietan Europako eta Munduko txapelketetarako eta batez be Joko batzuetarako sailkapena lortzea ez da erraza, baina atletismoa lako kirol gogor batean egitea gatxagoa da. Hitzordu handietan kirol nagusietako bat da, eta Teresa izan da gure ordezkaria horreetako askotan; horregaitik, gure eskerrik beroenak helarazo nahi deutsaguz.
Beste alde batetik, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak ondokoa adierazo dau: Basque Team Fundazinoko kideentzat harro egoteko modukoa izan da Teresa Errandonea gure familiaren parte izatea. Teresa bere balioakaitik, konpromisoagaitik eta lanerako gaitasunagaitik nabarmentzen da, beti bikaintasunari eta dotoreziari eutsiz gaineratu dau Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.
Teresa Errandoneak 21 urte daroaz atletismoagaz lotuta, baina goi maileari agur esateko ordua dala erabagi dau, bere bizitza personalari eta orain arte kirolagaz buztartu dauen lan-arloari denpora gehiago eskaintzeko (Teresa Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzan graduadua da eta Salto Systemseko finantza departamentuan lan egiten dau).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!