Elhuyar Hiztegiak 60 miloe konsultako mugea gainditu dau

Bizkaie! 2024-02-14 13:42   Euskerea berbagai

Aplikazinoak, 100.000 deskarga baino gehiago ditu.

Elhuyar Hiztegiak erreferentziazkoa izaten jarraitzen dau, eta horren erakusgarri da 2023an izan dauen konsulta-kopurua: 60 miloe hain zuzen be.

Proiektu bizia da Elhuyar Hiztegia eta hainbat lan-arlo izan ditu martxan 2023an: Collins Elhuyar euskera-ingelesa hiztegia konsultetako moduan jarri da, hiztegira berba barriak sartu dira, beste batzuk aldatu egin dira eta, hizkuntza bardinzalea helburu, lanketa espezifikoak bideratu dira.

2023ko martian, Elhuyarrek baliabide barri bat jarri dau gizartearen eskura, doban. Collins Elhuyar euskera-ingelesa hiztegia online konsultau daiteke hemen. Baliabide horri esker, ingelesa ikasten dabizan euskaldunek ez dabe ingelesa-gaztelania edo ingelesa-frantsesa hiztegien beharrik. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, atal bitan banatuta: euskera-ingelesa atalean, 31.700 eta ingelesa-euskera atalean, barriz, 33.400.

Collins Elhuyar hiztegia online jarri dabenetik, ingelesez egin diran bilaketa-kopuruak nabarmen egin dau gora, izan be, 2022an baino % 37 konsulta gehiago egin dira hizkuntza horretan. Ganera, hiztegia eten barik eguneratzen dan baliabidea da; aurreko urtean, esaterako, 1.500 sarrera gehitu eta 1.200  aldaketa egin ziran.

Eguneratze horreek egiteaz gan, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza bardinzalea erabiltea dau helburu, eta hori holan dala ziurtatzeko, 2023an be hiztegiko zenbait lagin aztertu ditue: edukiak genero-ikuspegitik landu, eta lexikoaren eta hizkuntzearen erabilera baztertzailea barrikusi eta moldatu da, ezbardinkeria eta bereizkeria barik tratamendua bermatuko dauen hiztegi bateranzko pausoak emoteko.

Barrikusketa-lana, maila bitan egin da: batetik, lexiko baztertzailetzat hartu daitekezan sarrerak jagoken gitxiesgarri markaz hornidu dira; bestetik, hiztegiko adibideen ganeko errepaso sakona egin da, genero-ikuspegiagaz loturiko estereotipoak ebitau eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko. Lan-arlo horretarako, Laboral Kutxaren laguntzinoa jaso dau Elhuyarrek.

Horrezaz gan, teknologiari jagokonez, aurrerapausoak emon ditue:

  • Webgunean, Elhuyarren TTS neuronalaren bidez, sarrera guztien ahoskera konsultetako aukerea emoten deutso erabiltzaileari.
  • Mobikorretarako aplikazinoak (iOS eta Android) barritu dira, eta 100.000 deskarga baino gehiago izan ditue.
  • Gero eta ordenagailu gehiagotan instalauta dago mahaigaineko aplikazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu