The Pretenders taldeak osotuko dau BBK Bilbao Music Legends Jaialdiaren kartela

Bizkaie! 2024-02-08 11:02   Musikea

Salgai dagoz dagoeneko eguneko sarrerak.

BBK Bilbao Music Legends Jaialdiak bigarren eta azken kartelburua aurkeztu dau, The Pretenders talde anglo-estadubatuarra hain zuzen be, egun biko programazinoa baieztatuz. Chrissie Hynde karismatikoak gidatutako taldeak lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin dau, beraz, azken hamarkadetako pop rock talde handien lehen lerroan dago The Pretenders.

The Pretenders taldeagaz batera, barikuan The Jayhawks (Minnesota) taldeak joko dau. Country rock alternatiboa egiten dabe, eta amerikar musika herrikoiaren talderik handi eta onenetakotzat jotzen da. Egun horretan izango dira, era berean, dagoeneko iragarrita egozan The Screamin'Cheetah Wheelies (Tennessee) hegoaldeko rock klasiko eta kementsuagaz, eta Susan Santos power trioa, blues-rock onena eginez.

Jaialdiaren bigarren egunean, bagilaren 15ean, Deep Purple (Erresuma Batua) taldeak joko dau. Hard rockaren aitzindari eta inoizko banda onenetako bat, 150 miloe disko baino gehiago saldu eta mundu osoko estadioak bete ditue, beraz, ez da harritzekoa Planet Rock britainiar irratiak historiako 5. talderik garrantzitsuena izentau izanak. Britainiarregaz batera, Canned Heat taldea izango da, 1965ean Los Angelesen sortutako blues-rock/boogie talde ospetsua, Blues Pills (Suedia eta AEB) eta Petti rock musikari euskalduna izango dira.

Horrezaz gan, betiko lez, jaialdiak Voodoo Child kanpo-terraza izango dau Miribillan. Aurten, ondoko talde honeek izango dira bertan: Arnau & The Honky Tonk Losers, Kinki Boys, Nevadah, Sotomonte, The Ribbons eta Ziin & The Melody Breakers.

BBK Bilbao Music Legends Bilbao Arenan egingo da, 2024ko bagilaren 14an eta 15ean. Sartzea doban izango da 14 urtetara arte (baita edade horretakoentzat be), eta giroa belaunaldi askorentzat egokia izatea da helburua. Aire zabaleko eremuan, barriz, aukera gastronomiko ugari egongo dira, tokiko eskaintza eta guzti.

Ganera, BBK Bilbao Music Legends Festen atontzaileek, Ihobek diseinautako Erronka Garbia-Ekitaldi Jasangarria metodologia aplikatuko dabe. Erakunde horrek emoten daben ziurtagiria jaso dau jaialdiak, alde batetik, ingurumen-aztarna ahalik eta txikiena izan deian neurriak hartzeagatik, eta, bestetik, bertaratzen diranak, keinu txikien bidez, geure ingurunea zaindu deien konzienziaduteko.

Sarrerei jagokenez, salgai dagoz egun bietarako bonuak eta eguneko sarrerak Kutxabank-en eta jaialdiaren webgune ofizialean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu