Iñigo Llopis zidar eta brontzezko dominakaz bueltau da Aberdeenetik
2024-02-05 09:41 KirolaNahia Zudaire laugarren izan da, Espainiako errekorra gaindituta, bular erako 100 metroko proban.
Paraswimming World Series-eko denporaldia aste honetan hasi da, Britainia Handiko Aberdeen probea jokatuta. Txapelketea oso ondo joan da gure ugerlari bientzat, Iñigo Llopis eta Nahia Zudairerentzat. Biak Pariseko Jokoetarako txartela baebela heldu ziran Eskoziara, joan dan abenduan lortu baitzeben, Espainiako Batzorde Paralinpikoaren Batzar Nagusiak Manchesterren egindako Ugerketa Egokituko Munduko Txapelketan lortutako markak onartu ondoren. Bai Zudairek bai Llopisek A gitxieneko markea lortu eben zemendiaren 15aren ostean, puntuazino-erispide horreek indarrean sartu ziranean.
Orain, Frantziako hitzordu handia preparetako denporaldiari ekingo deutse eta Munduko Serieak txapelketa ezin hobeak izango dira nazinoarteko beste izarrakaz indarrak neurtzeko eta xehetasunak doitzen jarraitzeko.
Nahiz eta Iñigo Llopisek gripe-prozesu bat igaro Eskoziako egonaldian, indartsu agertu da barriro: 100 metroko estilo librean bosgarren sailkatu zan A finalean 1:01.25eko denporea ezarriz. Ondoren, Tokioko Joko Paralinpikoetan zidarra emon eutson probea etorri zan eta oraingoan, donostiarrak metal hori bera irabazi eban Aberdeenen. Llopis bigarren izan zan bizkar erako 100 metrokoan, kronoa 1:07.30ean geldituta. Atzo, estilo libreko 400 metrokoaren finalean, podiumera igon eban barriro, hirugarren lekura eta brontzea irabazi eban 4:39.18ko denporeagaz. Azken jardunaldian, tximeleta estiloko 100 metroko finalean laugarren amaitu dau 1:07.64ko denporea eginda.
Eskozian be erakustaldi ona emon dau Nahia Zudairek. Estiloetako 200 metroko B finalean seigarrena izan zan 2:58.44ko denporeagaz eta egunek aurrera egin ahala hobetzen joan zan. Bular erako 100 metrokoan laugarren sailkatu zan finalean, Espainiako errekorra gaindituz eta Jokoetarako minimoa lortuz barriro 1:35.68ko markea eginez. Bere azken proban, 400 metro libreetan, Nahiak zazpigarren postua lortu eban finalean, 5:06.76ko denporea ezarrita.
Munduko Serieen hurrengo geldialdiak zezeilean jokatuko dira Melbournen (Australia), Lignanon (Italia) martian, Indianapolisen (AEB) apirilean, Singapurren maiatzean, Berlinen (Alemania) eta Limogesen (Frantzia) bagilaren hasieran, Guadalajaran (Mexiko) zemendian eta Kairon (Egipto) abenduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!