Jagoba Astiazaranek 'Jota' obrea estreinauko dau Bilbon

Bizkaie! 2024-02-02 10:25   Musikea

Zezeilaren 3an izango da kontzertua JC Arriaga Bilboko Udal Konserbatorioan, 19:00retan.

Jagoba Astiazaran | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Musika Eskoleak Jagoba Astiazaranen Jota obrearen estreinua hartuko dau zezeilaren 3an arratsaldeko 19:00retan. Lan hau aurreko garagarrilean musikagile gipuzkoarrak irabazitako Euskadiko SGAE Fundazinoa I. Konposizino Sariaren emoitzea da. Orduan irabazitako 3.000 euroakaz batera, orain, Kuraia Musika Garaikidearen XXX. Bilgunean emoten dabizen kontzertuen barruan kokatutako kontzertua dator. Ensemble Kuraia da Astiazaranen obrea interpretauko dauen taldea eta aitatutako udal konserbatorioan gauzatuko da, zapatuan, gunea bete arteko sarrera libreagaz.

Euskadiko SGAE Fundazinoa I. Konposizino Sarian Euskal Autonomia Alkartean bizi diran munduko edozein herrialdetako zein edadeko SGAEko bazkideek parte-hartu ahal izan dabe, 3 eta 8 musikari arteko ganbera-musikako obra original bategaz. Obra horrek 8 eta 12 minutu arteko iraupena izan behar eban. Ez da onartu beste egile batzuen obren egokitzapenik, ezta besteren obren zatiak erabili dituenik be.

Maria Eugenia Llucek (Ensemble Kuraiako zuzendari artistikoa eta musikagilea), Joseba Torrek (musikagilea) eta Pascal Gaignek (musikagilea eta SGAE Euskadiko Lurralde Kontseiluaren kidea) osotutako epaimahaiak egile zestoarraren alde egin eban hogei bat proposamenen artetik, soka laukoterako pentsautakoa izan zan Zotz lelopeko obra idazteagaitik.

Sariaren bigarren deialdia martxan da eta igazko deialdiaren antzeko nondik norakoak jarraituz.

Jagoba Astiazaran

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiaren Konposizino eta Herri Musikako Instrumentuen espezialidadeko Titulu Gorena dauka, baita bertako Sorkuntza Garaikideko Masterra be. musikagilearen karrera amaierako lanari Donostiako Orfeoia/Euskal Herriko Unibersidadea Saria emon eutsen 2012an.

Jagoba Astiazaranen musikea (Zestoa, Gipuzkoa, 1986) ospe eta izen handiko zuzendariek zuzendu dabe, besteak beste, Arturo Tamayok, Carlo Boccadorok eta Nacho de Pazek. Euskadiko Orkestreak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) edo Ensemble Intercontemporaine, Ensemble Recherche, Ensemble Sillages, Sentieri Selvaggi eta Diotima Laukotea lako taldeek interpreatu dabe, besteak beste.

Sari ugari eta askotarikoak jaso ditu, tartean, Donostiako Bigarren Mendeurreneko Obra Lehiaketako Lehen Saria edo 2015eko Milango Erakusketa Unibersalaren Italiako pabiloiak atondutako Feeding Music Nazinoarteko Konposizino Lehiaketako finalista izatea.

2008tik Donostiako Udal Txistulari Bandako kide eta Udal Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da. Hau guztia ezeze, irakasle lanak egin ditu Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian eta Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu