Javier de Aymerich hil da

Bizkaie! 2024-01-29 10:22   Kirola

Basque Team Fundazinoak doluminak emon deutsoz Javier de Aymerichen familiari.

Javier de Aymerich eta Richard Oribe | Ikusi handiago | Argazki originala

Richard Oribe garun-paralisia dauen ugerlariaren entrenatzailea hil da, 70 urte zituela. Javierrek Basque Team Fundazinoaren bekea jaso eban erakundea sortu zanetik Richarden entrenatzaile lez eta ha erretirau ondoren, enbaxadore zeregina egin eben biek, erakundeari aniztasun funtzionala daben personentzat kirolaren garrantzia zabaltzen lagunduta, bai enpresa arloan, baita hezkuntza-munduan be.

1978an Madrilgo INEFen Heziketa Fisikoan lizentziau eta UPV/EHUn irakasle izan ondoren, ugerketa entrenatzaileen hainbat belaunaldi trebatu zituan oraindino indarrean dagoan eta Espainiako teknikariek erabilten jarraitzen daben lan-metodologiagaz.

Aymerich eta Richard Oribe bikote ahaztezina izan da. Sidney 2000ko, Atenas 2004ko, Pekin 2008ko eta Londres 2012ko hitzordu paralinpikoetan ibili ziran eta alkarregaz Konporta Kluba be sortu eben. Richardek nazinoarteko 135 domina eta urrezko zortzi, zidarrezko sei eta brontzezko bi irabazi zituan eta Javier beti egon zan kirolariaren ondoan.

Basque Team Fundazinoak azpimarratu nahi dau, alde batetik, ugerketa paralinpikoaren garapenean egindako kirol-ekarpen ukaezin eta ordainezina, eta, zehatz, garun-paralisia eta hartutako garun-kaltea daben personen kasuan goi mailako kirolean egindako ekarpena eta, bestetik, Javierrek izan dauen giza kalidadea eta erakundeagazko jarrera ona.

Basque Teamek doluminak emon deutsoz Javierren familiari, holako galera konponezinaren aurrean, momentu gogor honeetan, babesa eskaintzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu