Lesakan izango da Udalerri Euskaldunen Eguna
2024-01-26 07:55 Euskerea berbagaiMaiatzaren 18an izango da.
Lesakan izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 18an. Urte birik behin egiten da udalerri euskaldunen ekarpena eta garrantzia nabarmentzeko topaketea. Daborduko, Lesakako Udala, herriko eragileak eta UEMA hasi dira egunaren nondik norakoak atontzen.
UEMAko herriena ezeze, ganerako udalerri euskaldunen topagune be izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, eta aurtengoa be holan izatea nahi dabe UEMAk eta Lesakako Udalak. Horretarako, eta eguna ahalik eta erakargarriena izan daiten, bilerea egin dabe herriko talde eta eragileekaz, Lesakako udaletxean. Talde eragilea sortzea eta bitartekoak adostea izan da bilerearen helburua, eguna arrakastatsua izan daiten alkarlana eta danon eretxia ezinbestekoak baitira.
Arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskerearen bizibarritzeari egiten deutsen ekarpena ikusarazotea eta euskerearen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango da maiatzaren 18ko asmo nagusia, jaia eta aldarrikapena buztartuz.
Herritarren, euskalgintzearen eta erakundeen arteko zubia
Egun osorako egitarau zabala izango da eta betiko lez UEMAren batzar nagusia egingo dabe egun horretan. Horrezaz gan, bazkari herrikoia be atonduko dabe egitarauaren barruan. Atontzaileek hurrengo asteotan aletuko ditue egitarauaren eta ekitaldien xehetasunak, baina argi dabe herritarren, euskalgintzearen eta erakundeen arteko zubia izan behar dala, UEMAren beraren izakerea islatuz eta euskal herritar guztiak euskerearen zubira konbidaduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!