'Bizkarsoro' filma ahalik eta herri gehienetan eskaintzeko hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2024-01-12 08:00   Zinemea

UEMA, Gastibeltza Filmak eta Dijitalidadea erakundeen alkarlanean.

Ezkerretik eskuinera: Dijitalidadeako Gotzon Barandiaran, Gastibeltza Filmak-eko Katti Pochelou, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria eta Irune Urbieta UEMAko lehendakariordea | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen dau Bizkarsoro filmeak. Josu Martinezek zuzendutako lana bihar helduko da zinema aretoetara Euskal Herri osoan, urtarrilaren 12an. Ondoren, filmea ahalik eta herri gehienetan erakustea garrantzitsua iruditu jako UEMAri, euskerea erabiltzeagatik belaunaldiz belaunaldi jasandakoa ezagutzeko eta horri aurre egiteko euskaldunek erakutsi daben kemena ikusarazteko. Halanda be, filmea UEMAko kide diran herri guztietara eta ikastetxeetara iristeko erraztasunak emon nahi deutsee mankomunitateak udalei, eta alkarlanerako hitzarmena sinatu dau gaur Gastibeltza Filmak produktoreagaz eta Dijitalidadea banatzaileagaz. Azpeitian alkartu eta agerraldia egin dabe gaur hiru aldeek.

Bizkarsoro filma UEMAko kide diran herri guztietan eskaintzeko baldintza bereziak adostu ditue UEMAk, Gastibeltza Fimakek eta Dijitalidadeak, filmaren ondoren berbaldiak gidatzeko eta emonaldiak ikastetxeei be zabaldu ahal izateko aukereagaz. Gaurtik aurrera, hilak 11, UEMAko herri guztiek izango dabe filmea eskaintzeko aukerea, eta emonaldiaren kostuaren erdia UEMAk hartuko dau bere gan.

Bizkarsoro Donostiako Zinemaldian estreinau eben irailean, eta bihar helduko da zinema aretoetara. Dijitalidadea da banatzailea, eta bertako Gotzon Barandiaranek adierazo dauanez testuinguru jakin eta esanguratsu batean heldu da filmea. Estreinau ebenean bezala, zinema aretoetara helduko danean be, euskerearen eta euskaldunen aurkako erasoek ez dabe etenik. Geure eskubideen aurkako etengabeko oldarraldi judizial batean dator filmea, eta horrek erakusten dau filmean gertatzen dana ez dala iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun be gertatzen dan erasoaldia.

Josu Martinez zuzendariak egunotan nabarmendu dauenez, euskerearen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badagozela erakusteko pelikula da Bizkarsoro. Eretxi berekoa da UEMAko lehendakari Martin Aramendi, izan be, ezagutzearen eta erabilerearen arteko aldea leuntzeko, UEMAren ildoetako bat da herritarren konzientziazinoan eragitea, eta horretarako garrantzitsua da euskerearen eta euskaldunen aurkako jazarpena nondik eta zergatik datorren erakustea be gehitu dau. Emonaldien ondoren, solasaldiak dinamizatzeko aukera be jaso dabe gaur sinatutako hitzarmenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu