Irene Pera ugerlariak 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren saria irabazi dau

Bizkaie! 2024-01-10 08:08   Kirola

Getxo Ugerketa klubeko ugerlariak 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren Saria irabazi dau.

Amaia Aguirre eta Irene Pera | Ikusi handiago | Argazki originala





Kirolariak sari nagusia irabazi eban Getxo Sasoi Sasoian jaialdiaren XVII. edizinoan, honako lorpen honeengaitik: Kirolariaren kategoriako Espainiako errekorra, 50 metro bizkarreko modalidadean, brontzezko dominea, Junior mailako Espainiako Txapelketan, izan be, horreei esker Espainiako selekzinoaren deia be jaso dau.

Gure kirolaren alde goiburuari eutsiz, Olatua itsas bidaiarien terminalean egindako galan, Getxoko alkate Amaia Aguirrek gogorarazo dauenez, Udalak eta klubek eta kirol-alkarteek alkarregaz egindako lanaren eta babesaren azken emoitzea dira sariak. Laguntza hori, erakundeen aldetik, dirulaguntzetan, ekipamenduetako inbersinoetan eta Getxo Kirolak erakundeak egiten dauen kudeaketan islatzen da. Eta kirola esparru estrategikoa dala eta izaten jarraitu behar dauela uste dogunari erantzuten deutso, arrazoi askorengaitik, besteak beste, osasun fisikoa eta mentala sustatzea; gizarte-kohesinorako baliabide legez dauen ahalmena; eta bardintasunerako, euskerarako, kulturartekotasunerako edo sustapen ekonomikorako politikak aktibetakoo zeharkako tresna legez dauen eginkizun garrantzitsua. Baina kirolari laguntzeko ezinbestekoa da inplikautako persona, erakunde eta familia ugarik egiten dozuen lana; kirolari lotutako alkarte-sare handi baten lan ona eta lan desinteresatua, komunidadeari hainbeste poz eta onura ekarten deutsozana.

Getxo Kirolak-eko teknikariek eta Getxoko kazetariek eta kirol alorreko adituek osotutako epaimahaiak, banakako sari gorenetan, ondoko kirolariak be saritu ditu: Eunate Etxebarria Espainiako Txapelketa Absolutuan, Espainiako Junior Superkopan eta Europako Junior Kopan lehen postua eskuratzeagaitik eta Espainiako Junior Txapelketan bigarren postuan sailkatzeagaitik, besteak beste; INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejo txirrindularia Espainiako Erlojupeko Txapelketan sei bider irabazteagaitik; eta Bosco Vilallonga JolasetaKlubeko hockey jokalaria, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzinoagaz Dusseldorf-eko Nazinoetako IV. Txapelketan brontzezko dominea irabazteagaitik eta denporaldi ona egiteagaitik.

Sari kolektiboak eta bereziak

Taldekako sarietan, aurten Raspas Arraun Alkarteko emakumezkoen 4x taldeak (Esther Briz, Virginia Díaz, Izaskun Etxaniz eta Maialen Mielgo) irabazi dau saria, Espainiako Txapelketan. Promesa kategorian, sariak honako honeentzat izan dira: Jolaseta Klubeko belar hockeyko umeen taldea, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan garaipen bikoitxa lortzeagaitik eta Getxo Errugbiko 14 urtez azpikoen taldea, Liga eta Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazteagaitik.

Edizino honetako sari bereziei jagokenez, Marka Hautsiz Xabier Martin hockey jokalariari emon jakon; Kiroltasuna Jonkar Rey kirol-kazetariari; Getxo Berrituz Getxo Swim Camp klubak jaso eban; Broker Kirol enpreseak Getxo Zabala; Etorkizuna Mendi Taldeak atondutako Etorki Mendi Trail probeak Berdintasuna Indartuz; eta, azkenik, Carlos Ruizek Aitzindariak saria, besteak beste, Athletic Club eta Bartzelonako RCD Espanyol futbol taldeetan egindako ibilbideagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu