Euskerearen Aholku Batzordearen printzipioak nabermendu ditue
2024-01-08 13:36 Euskerea berbagaiAdostasuna eta lankidetzea azpimarratu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak.
Iñigo Urkullu lehendakaria legegintzaldiko azken Euskerearen Aholku Batzordearen buru izan da eta urte horreetan guztietan lortutako adostasuna eta lankidetza printzipioak nabarmendu ditu. Eretxi eta ahots ezbardinek lekua izan dabe hizkuntza politikarako hartutako erabagietan eta lehenetsitako programetan eta horrek ekarri dau, Urkulluren ustetan, ezarritako konpromiso eta jomugen betete maila osoa izatea.
Lehendakaritzan egindako bileran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak be parte izan dira batzordeko ganerako kideakaz batera. Lehendakariak legegintzaldian zehar sortu diran proiektu esanguratsuenak izentau eta etorkizunera begira euskerearen indarbarritzean eragin handia izango daben hiru mugarri be aitatu ditu: 86/1997 Dekretua aldatzen dauen Dekretu barria; Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana barrituko dauen eta gaur aurkeztutako AROA euskera indarbarritzeko eta euskaldunok ahaldundutzeko marko estrategikoa; eta Legebiltzarrean onartu barri dan Hezkuntza Lege barria.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan dauenez, euskerearen indarbarritze prozesuan pausu sendoak emoten gabizen arren, asko dogu oraindino herritarren hizkuntza eskubideetan sakontzeko, baita euskereak leku sozial normalizatua izateko be. Datozen urteetako norabidea finkatu behar dogu, malgutasunez jokatuz baina helburuak argi eukita. Holan, gaurko bileran gizartearen beharrei erantzun nahi deutson Aroa Marko Estrategikoa aurkeztu da, Gobernu Kontseiluan onartu beharrekoa. Dokumentu horrezaz gan, ondoko lan honeek aurkeztuko dira:
- Garapen Jasangarrirako 2030 Agendea, euskerearen ekarpena.
- Hizkuntza eta Generoa batzorde-atal Bereziaren dokumentuak.
- Euskerea indarbarritzeko politika publikoak: Zeharkakotasuna ulertzeko ikuspegi barri baten proposamena.
- Hizkuntzearen eta generoaren gurutzaketea, hau da, orain arte egindako bidearen azterketea eta aurrera begirako gomendioak.
- Arlo sozioekonomikoa batzorde-atal Bereziaren dokumentua: Lan-eremuko plan gidarirako ardatzak.
Instituzino eta gizarte eragileen arteko lankidetzea: Proiektu esanguratsuenak
Lehendakariak adierazo dauenez, lankidetza ezeze, munduko hizkuntza gitxituen arteko loturak hurreratzea be izan da hizkuntza politikearen egitekoa. Nafarroako Gobernuaren, Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Hiruko itunaren bidez alde batetik eta HAKOBAren koordinazinoa bultzatuz, bestetik, bideratu dira legealdiko programarik esanguratsuenak, esaterako, Euskaraldia, Euskaraz barra-barra marka barria, kirolean euskerea sustatzeko plana edo helduen euskalduntzean dobakotasunari bidea edegitea.
Gero eta euskaldun gehiago
Horrezaz gan, Urkullu lehendakariak gogora ekarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak, izan be, bertatik ataratako ondorioetako bat da gero eta euskaldun gehiago dagozala Euskal Autonomia Erkidegoan 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean: 680.629 euskaldun, 1991n baino 261.000 gehiago, 12 puntuko hazkundea.
Euskerearen Aholku Batzordea
Lehendakariak Euskerearen Aholku Batzordeko kideei eskerrak emon deutsee euskerearen bizibarritze prozesuan izan daben konpromisoagaitik. Euskerearen Aholku Batzordearen helburua da hizkuntza-normalizazinoan dabizen erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzea, bideratzea eta koordinetea euskerea normalizetako. Gaur egun 26 kide dira Euskerearen Aholku Batzordean eta lau batzorde-atalez osotuta dago: ESEP barritzeko batzorde atal berezia; ingurune digitalarena; hizkuntza eta generoarena; eta eremu sozioekonomiko pribatuarena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!