'Zinema eta Zientzia 2024' zikloa aurkeztu dabe
2024-01-10 12:37 ZinemeaHamar film proiektauko dira urtarriletik martira bitartea
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak atontzen daben Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizinoa da aurtengoa, eta irrikaz jarraitzen deutso kultura zinematografikoaren eta zientifikoaren transmisinoari. Zikloak lengoaia zinematografikoaren unibersaltasuna eta edertasuna erabilten ditu pensamendu zientifikoaren edertasuna eta sakontasuna erakusteko.
Charles Chaplinen eta Albert Einsteinen arteko pasadizo bat lagungarria izan leike helburu biak deskribiduteko, izan be, fisikariak ondoko hau esan eutson zinemagileari: Zeure artean gehien miresten dodana da mundu osoak ulertzen zaituala berbarik esan barik eta Chaplinek ondoko hau erantzun eutson; Baina zeure gloria handiagoa da, mundu osoak miresten zaitualako esaten dozuna ulertu barik.
Helburu horregaz, hamar film proiektauko dira urtarriletik martira bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema).
Gaur, hilak 10, Donostian egin dan prentsaurrekoan izan dira Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Ricardo Díez Muiño (Donostia International Physics Centerreko zuzendaria), Edurne Ormazabal (Tabakalerako zuzendari nagusia), Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua) eta Jokin Bildarratz (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua). Horreezaz gan, ekitaldian izan dira Miguel Zugaza (Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria) eta Beatriz Herráez (Artium Museoko zuzendaria).
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak alkarregaz atondu dabe zikloa, eta haren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea. Joxean Fernándezen adierazo dauenez, zazpigarren edizino honetan asko egingo da berba zientzia-komunidadeek inguruabar historiko eta geografiko oso jakinetan planteatzen dituen dilema eta borrokei buruz. Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak batu doguz ziklo horretan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikzinozkoa, ez-fikzinozkoa eta animazinozkoa buztartu doguz. Hautaketa-irizpideari jagokenez, kalidade zinematografikoa lehenetsi da beti, jakinarazo dau.
Díez Muiñok, barriz, zikloaren indarra nabarmendu dau, handitu eta handitu ari da. Aurten mundu zabaleko pantailetan emon dabe Robert Oppenheimer fisikariaren bizitza liluragarria. Hori aprobetxaturik, erakutsi nahi dogu askotariko ikuspegietatik plantea dabela zinemearen eta zientziaren arteko alkarrizketa, eta guztiak dirala erakargarriak eta aberasgarriakaineratu du.
Zupiria sailburuak adierazo dauenez, auzolanean, lankidetzan, osotzen dan zikloa da. Geure kulturearen ekosisteman lankidetza errotuta dago eta lankidetza horretatik proiektu interesgarri asko ateratzen dira, balio barriak eta ezagutza barriak sortzen dituenak, tartean, gaur aurkezten dogun zikloa. Hitzordu horreek, aukerea emoten deusku geure jakinmina asetzeko, nabarmendu dau.
Jokin Bildarratz, ildo horretan, ezagutza zientifikoa zabaldu eta zientzialarien lana ezagutarazteko sailak urtero bultzatzen dituen ekimen ugari aitatu ditu, besteak beste Passion for Knowledge jaialdia edo Naukas, Ciencia Show, Zientzia Kalean eta Zientzia Ikasgelan programak. Bistan dago Zinema eta Zientzia zikloak gauza bera bilatzen dauela: modu entretenigarri batean zientziaren nondik-norakoak gizarteratzea, adierazo dau.
Proiektauko dituen filmak
- Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023): Halanda ze, Einstein filmako protagonistetako bat da. Zikloko lehen proiekzinoa izango da eta historian eta zientziak askotan planteetan dan duda-mudatan sartuko da. Prometeo bezela, Oppenheimer (eta haren taldea) gizadiari su atomikoa emoteko gauza izan zan. Gero, zigortu egin eben, ondorio larriei buruz ohartarazoteagaitik.
- Semmelweis (André de Toth, 1940): Prozedura antiseptikoen aitzindaria, bere garaiko eretxi mediko eta zientifikoen aurka burrukatu behar izan zan sukar puerperala ikertu ebanean ama askoren bizitzea salbetako. Semmelweis filmea Scorsesek gogo biziz aldarrikatzen daben André de Toth zinegilearen hungariar etapakoa da, eta Hungariako Filmategiak zaharbarritu dau oraintsu.
- Out of Africa (Sidney Pollack, 1985): Rift Haran Handia aztergai zientifikoa izan da eta jarraitzen dau izaten, bertako animalia-bizitzagaitik eta giza espeziearen lehen urratsen agertokia izateagaitik: Isak Dinesenen eleberrian oinarrituta dagozan Out of Africa bidaia-txartel ezin hobea da.
- Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022): Cannesko zinemaldian aurkeztutako eta zahartzeak gizartean (eta, beraz, geure esentzian) dauen eragina erakutsi eban trebetasun eta sinpletasun handiz.
- Bombshell: The Hedy Lamarr Story (Alexandra Dean, 2017): Emakumeak Zientzian ekimena egingo dabe; Hollywood klasikoko aktore bat ardatz hartuz, horren profil zientifikoa eta asmatzaile bezela egindako lana nabarmenduz, bigarren mailan geratu baitzan.
- Tiempo de silencio (Vicente Aranda, 1986): Luis Martín-Santos mediku eta idazlearen mendeurrenean, filmea eskainiko dabe.
- The Perfect Storm (Wolfgang Petersen, 2000): Obra horrek, abenturei eta meteorologiari buruz berba egiteko aukerea emongo deutse ikusleei.
- Bringing Up Baby (Howard Hawks, 1938): Argudio zinematografiko ugari dagoz Hawksen, Hepburnen eta Granten filma pantaila handian ikusteko. Ganera, estereotipo zientifikoei buruz berba egiteko aukerea emongo deutsee ikuslei.
- Mars Express (Jérémie Périn, 2023): Animazinoa eta zine baltza buztartzen ditu, eta adimen artifizialari buruzko beharrezko gogoeta egitera bultzatzen deusku.
- Theater of Thought (Werner Herzog, 2022): Herzog, zikloko lehenengo edizinotik ondo ezagutzen dauen neurobiologo bategaz aliauko da, Rafael Yuste artisteagaz hain zuzen be, giza gogoaren erdigunera bidaiatzeko.
Aurten, beraz, komunidade zientifikoen duda-muda eta burrukei helduko deutsee. Proiekzinoak, Euskal Herriko uriburuetan eskainiko ditue: Donostian, Bilbon, Iruñean, Donibane Loitzunen eta Gasteizen hain zuzen be.
Ikusi hemen egitaraua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!