Imanol Rojok 35. postuan amaitu dau Tour de Ski probako sailkapen nagusian

Bizkaie! 2024-01-08 07:45   Kirola

Basque Teameko bekadun iraupen-eskiatzaileak 19. amaitu dau, Val di Fiemmen jokatutako 10 kilometroetan.

Imanol Rojok mundu mailako iraupen-eskiatzaile onenakaz lehiatzen jarraitzen dau eta aurreko denporaldian bizitako momentu larriak atzean geratu dirala erakusten dabil. Osasun-arazoak tarteko emoitzak ez ziran izan lar onak eta Imanol Rojo RFEDItik kanpo itxi eben. Orduan, eskiatzaileak beste etapa bati bati ekin eutson arlo teknikoa, eskiak eta herrialdea aldatuz. Orain Team COOP Madshus Norvegiako taldean lehiatzen da. Eskiak be aldatu ditu eta Salomoni azken 16 urteetan eurekaz jasotako tratuagaitik eskerrak eman ondoren, espezialidade nordikoan aditua dan Madshus Norvegiako enpresa ospetsuagaz dabil orain.

Tolosarra idartsu dabil eta denporaldi hasiera honetan ez dau hutsik egin. Europako Kopan sinatutako top 10 biei 35. postua gehitu behar jake orain Tour de Skiko sailkapen nagusian, iraupen-eskiko proba zorrotzenetakoan.

Skiko Tourra (TdS) 2006-07 denporalditik urtero Europa Erdialdean egiten dan ekitaldian, txirrindularitzako Frantziako Tourraren ereduari jarraituz, Nazinoarteko Eski Federazinoaren Munduko Koparako etapakako proba puntuagarria da. Tour de Ski bakotxak sei eta bederatzi etapa artean ditu, abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran Txekian, Alemanian, Italian eta Suitzan jokatzen diranak. Etapa guztiak kronometrauta dagoz amaierara arte; eskiatzaileen denporak aurreko etapetako denporakaz buztartzen dira. Amaiera-denpora bajuenak dituan eskiatzailea lasterketako lider nagusia da eta liderraren dorsal horia daroa. Sailkapen orokorrak arretarik handiena erakarten badau be, badira Tourraren barruko beste konpetentzia bi, hau da, puntukako sailkapena (lehen esprint sailkapena) esprinterrentzat eta taldekako sailkapena talde azkarrenentzat.

Aurten probeak zazpi etapa eta 22 herrialdetako 101 lehiakide izan ditu. Lehen hirurak Toblachen (Italia) jokatu ziran abenduaren 30etik urtarrilaren 1era. Lehenengoan, Imanolek estilo libreko esprinta 85. postuan amaitu eban. Bigarrenean, tarteetan hasitako estilo klasikoko 10 kilometroak, 69. plazan amaitu zituan. Hirugarrenean, estilo libreko jazarpeneko 20 kilometrokoan, 54. postuan amaitu eban. Hurrengo lasterketa biak Davosen (Suitza) jokatu ziran, urtarrilaren 3an eta 4an. Han Rojok hobera egin eban esprintean, 64. poatuan amaituz eta bikain amaitu eban estilo klasikoko 20 kilometroko jazarpen proban 35. postuan amaituz. Atzo eta gaur egin dira azken lasterketa biak Val di Fiemmen (Italia), eski alpetarreko pistan barrena, Cavaleseko Alpe Cermis herrian, eta gipuzkoarrak 46. postuan amaitu ditu masako urtekerako estilo klasikoko 15 kilometroak eta 19. masa urtekeran egindako estilo libreko 10 kilometroak.

Imanol Rojok Munduko Kopan lortutako bigarren emoitzarik onena da gaurkoa eta Tour de Skian lortu dauen bigarren emoitzarik onena be bada. Tolosarrak, hiru aldiz olinpikoa, sailkapen nagusiko 51. postuan amaitu eban 2023an, 42.ean 2022an, 31.ean 2021ean eta 37.ean 2020an.

Egia esan, oso pozik nago. Nire mailara bueltau naz 19. postu honegaz, orain arte nire ibilbide osoan lortutako 18. postu onenetik oso gertu. Ia esprintean heldu naz italiar bategaz eta 15. postutik 7 segundora geratu naz. Egunetik egunera hobeto sentidu naz eta orain esan neike Munduko Kopako mailara bueltetan nagoala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu