2024ko zezeilaren 2ra arte zabalik dago euskal musikako eragileek proiektuak aurkezteko epea

Bizkaie! 2024-01-03 10:57   Musikea

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) martxan ditu 8. Musika Bulegoa sariak.

Musika Bulegoa Sarien helburuetako bat euskal musikearen sektoreari balioa emotea da, baita artisten sorkuntzea sustatu, euren lana ezagutzera emon eta erakuslehio izatea be. Azken finean, Musika Bulegoak bultzatutako ekimen honen helburua Euska Herrian sortu eta produzidutako musikaren kalitatea eta euskal musikarien eta euskal musikaren sektoreko eragileen jarduera aitortzea da.

Sari hauen xedea, egindako musika lanak balioan jarri eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea da. Horregatik, ez dago ezelako kategorizazinorik, beste lehiaketa batzuetan ez bezela.

Kontuak kontu, kultura arloko profesionalen epaimahai batek, musikariek, kazetariek, musika programatzaileek eta hezkuntza mundutik datozen personek osotua, aurkeztutako proposamenak balorauko ditu eta 11 sarituetatik 8 aukeratuko ditu. Aurreko edizinoetan bezela, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emongo deutso Euskal Herriko musika-jarduereagaz zerikusia dauen persona edo erakunde bati, prestakuntzea, sensibilizazinoa edo zabalkundea lako arloetan proiektu aitagarri bat jorratzeagaitik.

Etxepare Euskal Institutuak beste sari bat emongo dau artista edo prestakuntza batek euskal musikea gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana autortzeko.

Aurtengo barrikuntza nagusia Publikoaren Saria da, sarituen zerrendearen azken emoitzan eragina izango dauena. Epaimahaiak egingo dauen lehenengo hautaketatik aurrera, botazinoa edegiko da, publikoak bere artista gogokoena aukeratu deiana, alkartearen webgunearen eta sare sozialen bidez. Ekimen honen helburua euskal artisten talentua gozetan eta baloretan daben persona guztiei ahotsa emotea da.

Hautagaitzen aurkezpena

Euskal Herriko musika sektorean lan egiten dauen edozeinek aurkeztu leike Musika Bulegoa Sariak 2024rako hautagaitzea. Horretarako izena emon beharko da hemen epearen barruan, hau da, 2023ko abenduaren 19tik 2024ko zezeilaren 2ra.

Euskeraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dabe, nahiz eta sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak be aurkeztu daitekezan. Beti be, edozein euskal musikarik sortu edo interpretetan baditu, musika generoa edozein dala be. Hori bai, lanak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra aurkeztuak izan beharko dira jentaurrean.

Besteak beste, Zea Mays, Izaro, Su Ta Gar, Chill Mafia, Gabriel Erkoreka konpositore eta pianistea, Kepa Junkera, Teresa Catalán konpositore nafarra, Bilboko Kafe Antzokia edo Eresbil Musikaren Artxiboa izan dira sarituak aurreko edizinoetan.

Sariak emoteko ekitaldia Nafarroara bueltako da zortzigarren edizinoan (maiatzaren 15ean, Iruñako Zentral aretoan). Aurtengo edizinoak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Etxepare Euskal Institutuaren, Sympathy For The Lawyer abokatu-bulegoaren eta Zentral aretoaren babesa dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu