Basque Team Fundazinoak urteko kirolari onenak saritu ditu

Bizkaie! 2024-01-02 07:50   Kirola

Basque Team-en helburua, goi mailako euskal kirol ez profesionala sustatzea da.

Basque Team Fundazinoak, Getxoko Olatua Itsas Estazinoan egindako ekitaldian, euskal kirol-elitea batu dau, 2023ko kirol-lorpen nabarmenenak saritzeko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da ekitaldiaren buru, eta ondoan izan ditu Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Joseba Urkiola EiTB Mediako kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea, bai eta euskal federazinoetako, enpresa munduko eta erakundeetako ordezkariak be.

Amaia Agirre, Getxoko alkateak emon deutse ondoetorria bertoratutakoei, eta jarraian hasi da sari-banaketea. Ekitaldian, kirolariek euren gertuko senide, profesional eta lagunengandik jaso dabe saria. Goi-mailako kirol-ibilbidean kirolariei isilean laguntzinoa emoten deutsen lana ikusarazi nahi izan da eta horrek topaketeari hurreratasun eta hunkigarritasun handia emon deutso.

Sarien lehen blokea, Basque Team-ek eta euskal federazinoek sustatutako goi mailako proiektuetan parte hartzen daben kirolarien emaitzei biderauta egon da. Proiektu horreek parte hartze olinpikoa dabe helburu nagusi martxan dan zikloan edo, salbuespen bezela, hurrengo ziklo olinpikoan.

Saritutako kirolariak ondoko honeek izan dira:

  • Joseba Torres. Golfa. Europako txapelduna taldeka.
  • Ager Solabarrieta. Tiro egokitua, karabina. Munduko txapeldun bikotxa 10 metro zutikako probean eta 10 metro etzandakoan, Liman; Zidarra 10 metro etzandako probean eta brontzea 10 metro zutikakoan, Europako txapelketean, Rotterdamen.
  • Ander Cepas: Mahai-tenis egokitua. Brontzea bikoteka Sheffieldeko Europako txapelketean.

Ekitaldiak bigarren sari-multzo bategaz jarraitu dau, eta berton 2023ko Basque Teameko kirolari onenen lana autortu da:

  • Amagoia Arrieta: Boccia. Europako txapelduna Rotterdamen.
  • Iker Sastre: Mahai-tenis egokitua. Zidarra bikoteka Sheffieldeko Europako txapelketean.
  • Rakel Mateo: Paratriatloia. Brontzea Europako txapelketean, Madrilen.
  • Eukene Larrarte: Pistako txirrindularitza. Zilarra scratchean Grencheneko Europako txapelketean.
  • Agurtzan Egiluz, Naiara Rodriguez eta Laura Ugarte: Gurpildun aulkiko saskibaloia. Brontzea Europako txapelketean Roterdammen.
  • Amaia Erbina eta Anne Fernandez de Corres: Zazpiko errugbia. Zidarra Europako txapelketean.
  • Aratz de Goicoechea: Zazpiko errugbia. Brontzea Europako txapelketean.
  • Aitor Francesena: Surf egokitua. Urrea Europako txapelketean; txapeldun Munduko zirkuitu pribatu bitan.
  • Iñigo Peña: Sprint piraguismoa. Urrea Munduko txapelketako K2-1.000 metroko probean eta brontzea K2-500 metro mistokoan, Duisburgon.
  • Maialen Chorraut eta Olatz Arregui: Eslalom piraguismoa. Zidarra Munduko txapelketako taldekako probean, kayaketan, Lee Valleyn.
  • Pau Echaniz: Eslalom piraguismoa. Urrea Europako Jokoetako taldekako probean, kayaketan, Krakovian.
  • Lucas Eguibar: Snowboarda. Bigarren Munduko Kopako sailkapen nagusian.
  • Mikel Unanue, Oihane Otaegi eta Sergio Vez: Curlinga. Zilarra talde mistoetako Munduko txapelketean, Aberdeenen.

Fundazinoak datozen helburuak kontuan hartu ditu, izan be, 2024ko erronka nagusiak Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak izango dira. Basque Teamen interes orokorreko xedea, goi mailako euskal kirol ez profesionala sustatzea da. Bere helburua euskal kirolarien parte-hartzea handitzea eta nazinoarteko goi mailako lehiaketetan emaitza hobeak lortzea da, eta gaurko ekitaldian Jokoetarako plaza lortu dabenak saritu ditu.

  • Salma Solaun: Gimnasia erritmikoa. Brontzea Europako txapelketean, Bakun; zidarra eta brontzea Valentziako Munduko txapelketean.  
  • Higinio Rivero: Sprint piraguismo egokitua. Brontzea VL2-200 metroko proban Europako txapelketean, Montemor-O-Velhon.
  • Nahia Zudaire: Ugerketa egokitua. Zilarra Munduko txapelketako estilo libreko 400 metroko probean eta brontzea bular erako 100 metrokoan, Manchesterren.
  • Iñigo Llopiz: Ugerketa egokitua. Urrea Munduko txapelketako bizkar erako 100 metroko probean eta urrea estiloetako 4x100 metrokoan, Manchesterren.
  • Asier Garcia: Gurpildun aulkiko saskibaloia. Zidarra Europako txapelketean, Rotterdamen.

Autorpenen azken blokea agurrei eskainitakoa izan da. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, euskal kirol olinpikoaren estandartea dan Ander Elosegiri emon deutso Eguzkilore Zuria saria. Ibilbide luze eta emankorrean, lau Olinpiar Jokotan finalerako sailkatzea lortu eban Anderrek, horreetako bakotxean diploma bat bereganatuz: laugarren izan zan Beijingen 2008an, laugarren Londresen 2012an, zortzigarren Rio de Janeiron 2016an eta zortzigarren Tokion 2021ean.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren berbek emon deutse itxiera ekitaldiari. "Basque Team jarduera eredugarria garatzen ari da, balioetan oinarritua eta Euskadi-Basque Country Nazinoartekotze Estrategiegaz lerrokatua. Zuek kirolaren balio benetakoenen erreferente bikainak zaretelako martxan da lan hori, eta Euskadiren irudia Mundura proiektatzen laguntzen dozue. Izan be, Euskadik erreferente izan nahi dau goi-mailako kirolaren sustapenean" nabarmendu dau Zupiriak, eta datozen urteak orain arte bezain emonkorrak izan deien goi mailako euskal kirolean "Basque Teamek bide horretan laguntzinoa emoten jarraituko dau, kalidadezko zerbitzu integralak eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu