Zeanuriko Andra Mari parrokiako organoa urtebete inguru mutu egon da

Bizkaie! 2023-12-20 09:28   Musikea

Barrinaugurazinoa gaur, hilak 27, izango da Zeanurin.

Alejandro Turanzas, organoa zaharbarritzeaz arduratu dana. | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztutik mezatan, herriko organo-jotzailearen eskutik bere soinua entzuteko aukerea izan bada be, abenduaren 27an, eguaztenean, arrastiko 19:00etan berrinaugurazino ofiziala egingo da Xabier Urtasun organo-jotzailearen goi mailako kontzertuagaz.

113 urte dituen organo hau Bartzelonan eregi eban Lope Alberdik 1910. urtean. Parrokiak, herritarrak eta batez be Santos López de Letonak ipinitako diruagaz ordaindu zituen kostuaren 15.000 pezetak, dirutzea sasoi haretarako. Abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, inaugurau eben.

Organo erromantikoa da, 56 notako bi teklatu dituena, gehi 27 notako pedalontzi bat, eta transmisio mekanikoduna . Harribitxia da, Lope-Alberdiren onena, Abadiñoko San Trokaz eta Areatzako San Bartolome parrokietarako eregitakoakaz batera.

Bigarren zaharbarritzea

Ez da organo hau zaharbarritzen dan lehenengo aldia, 100 urte betetzean, eguneratze behar handia egin zan, baina ez zan izan erabateko zaharbarritze lana, eta denboreagaz akatsak agertu ziran, ez ebilen behar eban moduan. Ondorioz, 2022ko garagarrilean, 112 urte betetzear egoala, organoa zainketa intentsiboetan sartu zan: A. Turanzas Organeros Igorren tailerra daukan enpresa arduratu da beharrezko lanak egiteaz, batzuk parrokian bertan eta beste batzuetarako, pieza batzuk Igorreko tailerrera eroan ditue.

Alejandro Turanzas izan da lanak egin dituana. Elementu modernorik ez sartzea izan da zaharbarritzaileen konpromisoa, ezta jatorrizko eraikuntzan erabilitako materialez bestelakorik be. Jatorrizko narru eta egurrak erabili dira, eta kutxan eta fatxadan, konsolan, tekladuan, noten eta erregistroen transmisinoan, sekretuetan, hauspoetan, motor-haizagailuan, haize-ontzietan eta hodietan egin dira lanak, eta ostean afinatu egingo da. Lan honeen guztien kostua larogei mila euro ingurukoa izan da eta Zeanuriko parrokiak ordaindu dau.

Lope Alberdi (Gautegiz-Arteaga1869-Barzelona 1948) goi mailako organogilea

1869ko urrilehenengoaren 25ean Gautegiz Arteagan jaio zan. Bere gurasoek osatu txiki bat euken. Hor Akilino Amezuak hartu eban ostatu, Gautegizko parrokiako organoaren muntaia lanak egiten ebazan bitartean. Dirudienez, Akilino mutikoa azkarra eta trebea zala konturatu zan eta bere lan taldean sartu eban.

Lope Alberdik 15 urte eukazanean eta gurasoen baimenagaz, Amezuak Bartzelonara eroan eban beragaz behar egitera. 22 urte besterik ez zituela, tailerreko buru moduan, Filipinetara bialdu eben instrumentu batzuk muntatzera.

23 urtegaz Bartzelonan ezkondu zan uri haretan bizi zan Dolores Aguirrezabal durangarragaz eta zortzi seme-alaba euki ebezan, horreetako bat, Antonio Alberdi Agirrezabal, musika sakrako konpositore ospetsua.

Alberdi XX. gizaldiaren lehen urteetan Akilino Amezuarengandik banandu eta Bartzelonako Gracia pasealekuko 126. zenbakian jarri eban tailerra: Lope Alberdi y Cia eta horren sinadurapean agertzen dan lehen organoa Bergarako Hirutasun Santuaren Monasterio klaretarrerako ereregi ebana da, 1902an inauguratua.

Ibilbide profesional luzea egin ondoren, Espainia mailan zein nazinoartean, 80 organo baino gehiago eregi zituan, horreetako bat Zeanurikoa.

Lope Alberdi 1948ko martiaren 20an hil zan Bartzelonan, 79 urte zituala.

Xabier Urtasun Eraso goi-mailako organistea


Nafarroako Iruritan 1993an jaioa, organistea, klabezinistea eta musika pedagogoa da. Hainbat garaitako tekla instrumentu askotako errepertorioan interesetan da, besteak beste, pianoa, organoa eta klabezina ikasiz Donostia, Stuttgarten eta Bartzelonan.

Goi Mailako tituluak kalifikazino gorenekaz lortzen ditu: Pedagogia espezialidadean Musikenen (Donostia, 2016); organo espezialidadean Stutgarten (2021); Kodály metodologian espezializau zan (Hungarian eta Argentinan) eta Errioxako Nazinoarteko Unibersidadean (UNIR) Musika Ikerkuntzako Masterra eskuratu dau (2023).

Baxu jarraitua be ikasi dau eta makinatxu bat lekutan jo dau, besteak beste, 2019an Joseph Gabler Nazinoarteko Organo Lehiaketan hirugarren saria jaso eban Ochsenhausen-en (Alemania). Bakarlari moduan kontzertuak eskaini ditu musika ziklo eta jaialdi askotan Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Alemanian, Portugalen eta Hungarian. Hainbat formazinogaz jo dau: Orchestre Symphonique du Pays Basque, Iruñeako Ganbera Abesbatza, EHU-ko abesbatza, Bach Collegium Barcelona, Rutesheimer Kammerorchester.... 2021an Toul-eko (Frantzia) katedralaren 800. urteurrenaren omenez egindako Olivier Messiaen-en organorako obra integralaren grabaketan parte hartu eban.

Gaur egun Donostiako Francisco Escudero Musika Konserbatorio Profesionalean organo irakaslea da eta Musikenen Kodály metodologiako irakaslea.

Horrezaz gan, Orquestra del Miracle orkestra barrokoko kide da, klabezinista eta organista moduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu