Mendi Filmek 21.000 personatik gora batu ditu 2023an
2023-12-20 08:03 KirolaMundu mailako 17 estreinaldi, 57 film proiektatu dira, 4 kontinentetako 15 herrialde ordezkatuz.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 16. edizinoa abenduaren 8tik 17ra egin da, eta 21.000 personek hartu dabe parte bertan. Jaialdiak 57 film proiektatu ditu, Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde ordezkatuz. Mundu mailako 17 estreinaldi izan ditu, 13 sari banatu dira 10 filmen artean, guztira 24.800 euroko diru-ordainagaz. WOP Fundazioa - Mendi Film Sarian, Edurne Pasaban Lizarribarri egin jako autortzea.
Ikusleen erantzuna azpimarratzekoa izan da, beste behin. Ikusle datuak igazkoak baino baxuagoak izanik be (9.000 ikusle 2022an), orain bi urtekoaren parean dagoz, ordukoaren okupazino portzentajea % 5 hobetuz.
Egungo planteamendu eta baliabideakaz, beraz, jaialdia egonkortuta dago guztiz mendiko zine-zaleen artean eta nazinoartean dauen erreferentzialtasuna berretsi egin da. Holan erakusten dabe era batera edo bestera bertan parte hartu daben gonbidatuen aitamenek:
- Eliza Kubarska (Polonia) zinegilea, Mendi Film 2023 epaimahaikidea eta IAMF 2023 Sari Nagusia: Mendiko zinema jaialdirik onenetako bat munduan, ez bakarrik maila handiko lehiaketea dauelako (oso ondo hautatutako filmak), baita atmosfera oso atsegina sortzen dalako be. Pasinoz betetako jenteak atontzen dau, abentura zinema dokumentalean adituak. Toki aparta da jentea topau eta esperientziak alkar-banatzeko (eta eskaletako be bai, jakina).
Michael Dillon (Australia) zinegilea, Mendi Film 2023an Sari Nagusia irabazi dau The Great White Whale filmari esker -Nazioarteko estreinaldia Mendi Filmen-: Beste inon ez da mendiko zinema Mendi Filmen bezela ulertu eta adoretan. Ohore izugarria da bertan saridun izatea.
Kazuya Hiraide (Japonia) Urrezko 3 piolet jasotako alpinistea: Igaz Mendi Filmegaz bat egin eta agindu neban nire hurrengo espedizinoaren pelikulea hemen estreinauko nebala, eta holan egin dot Rope filmagaz. Bilbo daborduko nire bigarren etxea bilakatu da.
Henna Taylor (AEB) zinegilea eta Mendi Film 2022ko Sari Nagusiaren irabazlea An Accidental Life filmari esker: Orain arte beti bilatu izan dogu izen handiko festibal bat estreinaldiak egiteko. Mendi Film igaz ezagutu genduan bertatik bertara, eta esperientzia haretatik, bagenkian Body of a Line bertan estreinau nahi genduala aurten. Aparteko garrantzia handia emoten deutsagu aurkezpena gure lana autortzen deuskun festibalean egin izanari.
Bilbo nazinoarteko komunidadearen topagunea izan da mendiko kulturearen inguruan. Horren lekuko dira Euskadiko eta Estaduko ordezkariez batera Frantziatik, Italiatik, Erresuma Batutik, Poloniatik, Alemaniatik, Japoniatik, Hego-Koreatik, Kolonbiatik, Kanadatik eta Estadu Batuetatik, etorritako 50 gonbidatu baino gehiago. Zinegileek, ekoizleek, argazkilariek, musikariek, eliteko kirolariek eta beste zine jaialdi batzuetako ordezkariek, euren esperientziak konpartidu ahal izan ditue aparteko giroan.
Mendi Tour asistentzia
Mendi Tourreko 88 zine-saioetara (53 herri/egoitza) 14.000 ikusle batu dira urte osoan zehar, jaialdi nagusian, 10 egunetan, bertaratu diranei gehituta, 21.300dik gora persona dira Mendifilmeko aterkipean egon diranak 2023an, igaz baino 2.000 ikusle gehiago.
Orain, 2024ko Mendi Tourraren hasiereari begira lan egiteko garaia da, urtarrilean hasiko baikara martxan mendiko pelikula onenak ikusteko aukerea eskainiz hainbat tokitan. Lehen hitzorduak ate-joka dira: Gijon, Ataun, Zangoza, Teruel, Donostia, Iruña, Zumaia, Eskoriatza, Leioa, Vigo… Euskal Herrian ekin eta Espainia osoan eskaintzen dan mendiko zine mostra ibiltaria, mendi zinemagintzarik onena....
Holan izango da abendura arte. Orduan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 17. Edizinoa helduko da: 2024ko abenduaren 6tik 15era bitartean egingo da jaialdia datorren urtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!