Loa eta Laia euskerazko marrazki bizidun digitalen sailaren 2. denporaldia hasiko da
2023-12-07 11:06 Euskerea berbagaiProtagonista biek proiektuaren inguruan komunidade bat sortzea lortu dabe.
Orain urtebete inguru aurkeztu eben Loa eta Laia, euskerazko serie animatu digitalaren proiektua, euskal kulturea, ohiturak eta balio unibersalak transmitiduteko asmoz 2 eta 7 urte bitarteko familiei eta edade txikikoei zuzendua.
Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizistearen, ideiaren sortzaile eta musikearen egilearen eta Paul Caballero Barturen ilustratzaile eta proiektuaren sustatzailearen idea lez jaio zan eta lehen denporaldian lortutako emoitza onak ikusita bigarren denporaldiari ekin deutse, hamar kapitulu izango dituana, erispide pedagogiko etadidaktikoakaz landuak.
Proiektu honen ardatza musikea eta personaia animatuak dira eta Loa eta Laia dira protagonistak. Euskal kultuera transmitidutearen helburuagaz batera, sortzaileek beste ardatz bat oso argi izan eben hasieratik, hau da, genero-berdintasunaren alde lan egitea. Jaubetu ziran marrazki bizidun gehienen protagonista nagusiak mutilak dirala eta neskak protagonistak izatekotan oso rol estereotipatuak izaten dituela, Loa eta Laia pertsonaiak neskak izatea erabagi eben eta liderrak eta taldearen gidariak, gainera.
Loa eta Laia sarean bizi dira eta YouTubeko kanal baten bidez azaltzen dira euren abenturak. Lehenengo denboraldian Gau Baltza, Euskerearen Eguna eta Gabonak ospatu zituen, gure ingurune naturala zelan jagon ikasi eben, eguneroko ohiturak hartu zituen (komunera joaten ikasi, adibidez), gorputz adierazpena, koreografiak eta erritmoa landu zituen.
Kontuak kontu, lehen denporaldi honetan 200.000 erreprodukzino baino gehiago lortu ditu YouTuben, 4.000 ordu inguru.
Kontuak kontu, gaur, abenduaren 7an, arratsaldeko 15:00etan, Loa eta Laia euskerazko marrazki bizidun digitalen bigarren denporaldia aurkeztuko dabe Durangoko Azokaren Irudienea gunean, Durangoko Zugaza zinema-aretoan izango da. Loa eta Laia telesaileko lantaldeak parte hartuko dau: Paul Caballero, ilustratzailea eta arduradun artistikoa; Ane Martinez, abeslaria; Leire Aparicio, abeslaria; David Sanchez Damián, musika moldaketen arduraduna; eta Josu Bergara, musika konpositorea eta proiektuaren koordinatzailea. Bigarren denporaldiaren babesle nagusia dan Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzea be aurkezpenean egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!