Marina Landa: 'Aria da behar dodana, airea eta arnasa hartu'

Andoni Mugica Lopez 2023-12-11 07:55   Barriketan

Marina Landa (Aria musika taldea).

Aria 2023an Donostian sortutako pop musika taldea da. Aria berbea italieratik dator, aire esan nahi dau eta hori da hain zuzen taldeko abeslariak behar ebana. Marina Landa da proiektuaren eragilea, hainbat urtez bakarlari ibili ondoren talde formatura pasau dana. Abeslariaren pentsamendu eta bizipenek airea hartzeko, konposautako abestiak aireratzeko desiratik abiatzen da proiektua. Iñaki Ortego Laurobako pianista ohia, Ion Larrañaga azkoitiar bateria eta Iñaki Olaskoaga gitarristea dira taldekideak.

Aurrerapena izan zan Anime perdute kantua, italieraz eta euskeraz abestua, Mediterraneoko krisia dau berbagai eta errefuxiatuei laguntzea uko egiten deutsenei kritika bat da, ironia tarteko dala, euren ikuspegitik kontautakoa. Sizilian bizi zala, Aita Mari itsasontziak bertan misinoak egiten dituala irakurri eban Marinak eta horretan inspirauta idatzi eban abestia.

Diskoa Sizilian grabau dabe, Domenico Gargano produktore italiarragaz batera. Harek ikutu elektronikoa emon deutse Marinaren abestiei.

Molatu Produkzinoak enpresa tolosarrak be parte hartu dau diskoan.

1.-  Abenduaren 5ean estreinau dozue zeuen lehenengo diskoa, Urdin izenekoa. Zer moduz? Harrera ona izan dozue?


Bai, pixkat urduri egia esanda. Neure lehen diskoa da eta talde bezela be, geure lehenengo lana izan da. Egun gitxi pasau dira diskoa kaleratu dogunetik, baina momentuz jasotako erantzunak positiboak dira, beraz, badirudi, jenteari gustau jakela. Aurretik kaleratutako single biak be, gustokak izan dira. Halanda ze, oso pozik gagoz.  

2.- Zu zeu zara proiektuaren eragilea, hainbat urtez bakarlari ibili ondoren talde formatura pasauta. Iñaki Ortego Laurobako pianista ohia, Ion Larrañaga azkoitiar bateria eta Iñaki Olaskoaga gitarristea dira taldekideak. Zein izanda taldea sortzearen arrazoia?

Bakarlari bezela diskorik atara ez arren, urte asko emon ditut kontzertuak eskeintzen Euskal Herrian, Bartzelonan edota Palermon. Hori bai, orain arte ez naz ausartu modu serioagoan jokatzen.

Geure taldearen eta diskoaren sorrerea, pixkat antinaturalak izan dira [Barreak]. Ez doguz jarraitu normalean taldeek emoten dituen pausuak, izan be, diskoa nik neuk grabau dot Palermon, neure lagun bategaz, Domenico Gargano produktore italiarragaz, hain zuzen be. Sicilian biziten, alkar ezagutu eta disko bat grabetea proponidu eustan. Ganera, justu garai horretan, Iñaki Ortego ezagutu barri neban baina hasieran ez genduzan erabagi taldearen joan-etorriak.

Diskoa grabetan nengoala eta taldea zabaltzea erabagi genduan Iñaki eta biok. Beraz, denpora gitxira, Ion Larrañga eta Iñaki Olaskoaga sartu ziran. Hori bai, tamalez, azkenengo biek ez dabe parte hartu diskoan, baina, halanda be, kantak gabiz egokitzen zuzenekoetarako.

2022ko bagilara arte bakarlari bezela egon naz eta alde batetik bildurrak, jenteak zelan hartuko zituan lanak, segurtasun faltea, ekonomia aldetik be apustu handia da... Ganera, neure lan esperientzian, lan nahiko prekarioak izan ditut beti eta maila ez neban holako inbersinorik egiteko aukerea. Orain, taldeagaz, laguntzino asko jaso dot.

3.- Beraz, diskoa Palermon grabau dozue, Domenico Gargano produktore italiarragaz batera...

Bai, Domenico musika produktorea da. Zazpi kantak berton grabau genduzan, 2022ko udaran eta 2023ren hasieran.

4.- Aria berbea italieratik dator, aire esan nahi dau. Zergaitik izen hori? Esangura berezirik?

Alde batetik neure letragogokoenak dagoz, r, i eta a [Barreak]. Ez dakit mania, obsesino edo zer dan baina betidanik neure letra gogokoenak izan dira. Beraz, argi neukan, talde bat egitekotan, letra horrek taldearen izenean jarriko nituala. Izenari mila buelta emon ostean, Palermon nengoala etorri jatan burura, izan be, ARIA da neuk behar dodana, airea hartu, arnasa hartu, airea emon neure bildurrei, askatzen itxi eta kanta aireratu.

Emondako kontzertuetan, persona askok galdetu deustie non al daben entzun kantak eta ez euken non entzun, horrek amorrua emoten eustan. Ondorioz, neure buruari esan neutsan kendu bildurrak, ez dau merezidu, emon airea, ez dozu zertan sekulako arrakastarik izan behar, beste barik, nahi dozuzan kantak egin eta disfrutau. Egia esan, jentearen feedback positiboagaz, pozik nago eta horregaitik behar neban disko hau.

5.- Anime Perdute abestian, italieraz eta euskeraz kantetan dozu, hikuntza horreek biak buztartzen bakarrenetarikoa zara?

Esne Beltzak baditu kanta bi euskeraz eta italieraz eta Fermin Muguruzaren In-Komunikazioa italianoz hasten da rap bertso batzuekaz. Baina ez, ez da ohikoa hizkuntza horrek biak buztartzea.

Neure kasuan, musikea beste hizkuntza batean sortzeak, lagundu egiten deust beste hizkuntza batzuk ikasteko. Domenikogaz grabau genduanez, hasierean Palermon sortutako abestiak grabetea zan intentzinoa, baina Iñakigaz bat egin ondoren, kantu batzuk alde batera itxi eta barri batzuk hizkuntza biak buztartuz konposau genduzan.

6.- Zeure doktorego tesia musikeagaz lotuta dago eta zehatz 1990-2020 bitarteko euskal pop kanten edukia aztertu dozu. Beraz, zelan ikusten dozu Euskal musikearen egoerea?

Egia esan, ikerlari bezela, talde pillo bat dagozala begitantzen jat, kalidade handikoak. Ganera, estilo ugari bustartzen ditue eta hori oso positiboa da. Horrezaz gan, gero eta emakume gehiago gagoz eta hori be, zoragarria da. Aldi berean, musikari bezela, egoera horrek asko korapilatzen nau, izan be, Euskal Herriko merkatua txikia da, ez gara horrenbeste, eta gatxa leku bat egitea.

7.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Zazpi kantaz osotutako diskoa da, euren artean oso ezbardinak. Pop estiloaren barruan dagozan arren, pop rocka be entzun daiteke berton. Kantak nahiko intimoak dira, izan be, letra sakonak dagoz. Ganera, lehenengo kanta valls bat da, maitasun kanta, pop estiloan hori bai [barreak]. Maitasun sanoa bilatzeko prozesu horretan jaioa eta musikea gogoko daben guztiak animetan ditut diskoa entzun deien eta diskoa  erosi gura izan ezkero, sare sozielen bidez geugaz hartu-emonetan jartea izango da onena (Instagram).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu