Nazinoarteko 17 estrenialdi BBK Mendi Film Jaialdian

Bizkaie! 2023-11-29 08:24   Zinemea

Guztira, 57 filmek hartuko dabe parte jaialdian, abenduaren 8tik 17ra.

Mendiko zinemagintzarik onena ikusteko aukerea hemen da barriro be, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 16. edizinoan, abenduaren 8tik 17ra. Bilboko Euskalduna Jauregian egindako jentaurrekoan, babesle nagusiek eta Mendi Filmeko ordezkariek aurkeztu dabe BBK Mendi Film: Leixuri Arrizabalaga (Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputadua), Koldo Bilbao (BBK Banku Fundazinoko Kultura arduraduna), Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea), Nerea Lupardo (Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusia), Alberto Iñurrategi (Ternua Group Mountain Team & Event Coordinator) eta Jabier Baraiazarra (BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zuzendaria) hain zuzen be.

Bilboko hiru aretotan egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldia: BBK Aretoa, Golem zinema-aretoak eta Euskalduna Jauregia. Guztira, 30 proiekzino programau dira 16. edizinorako. Horrezaz gan, 3 erakusketa egingo dira, mendiko zinemearen industriari begirako jardunaldi bat, 4 masterclass, berbaldi bat eta mahai-inguru bat.

Saioetako sarrerak, eskuragarri dagoz hemen eta Euskalduna, Golem eta Sala BBK-ko salmenta puntu eta plataformetan.

Filmak

57 film ikusi ahal izango dira aurtongo edizinoan, mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaiak dituenak. Halanda ze, 51 film Sail Ofizialean, 4 film Zabalandi lehiaz kaponko atalean (Corpórea, El fin de la eterna primavera, Konfiantza itsua eta Leizeta), Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka 2023 jasotako film laburra (Oinez, Leire Egaña) eta 2015eko K2 touching the sky IAMF Sari Nagusia irabazi eban filma.

Jatorriari jagokonez, Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde dagoz ordezkauta: Espainia (16), AEB (11), Frantzia (6), Erresuma Batua (4), Kanada (4), Suitza (4), Italia (3), Polonia (2), Australia (1), Austria (1), Eslovakia (1), Eslovenia (1), Japonia (1) eta koprodukzino bi Espainia-Frantzia eta Pakistan-Frantzia.

Sariak

Guztira, 24.800 euro banatuko dira:

  • Sari Nagusia: Eguzkilore garaikurra eta 6.000 euro.
  • Zuzendari Onena: Eguzkilore garaikurra eta 3.000 euro.
  • Gidoi Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro.
  • Argazkilaritza Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro.
  • Epaimahaiaren Saria: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro.
  • Soinu Banda Onenaren Saria: Txalaparta garaikurra eta 2.000 euro.
  • EITB Saria Euskarazko Film Onenari: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro.
  • Mendiko Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
  • Eskaladako Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
  • Kultura eta Natura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
  • Kirol eta Abentura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
  • Film Labur Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.000 euro.

Epaimahairi jagokenez, 16. edizinoko Sail Ofizialeko epaimahaiak ondoko honeek dira: Eliza Kubarska (Polonia) zinegile eta alpinistea; Michael Pause (Alemania) kazetari, produktore eta idazlea; Patricia Ayala (Colombia) zinegile, produktore eta gidoilaria; Nerea Alberdi (Euskadi, Bilbo) konpositore, orkestratzaile eta arreglistea; eta, Juantxo Zeberio Etxetxipia (Euskadi, Tolosa) konpositore, konposatzaile eta arreglistea.

Erakusketak

Argazki eta artelaneko hiru erakusketa nagusi izango dira urian, zemendian hasi eta urtarrilera bitartean:

  • HARRI, ORRI, ARkatz eskalada krokisen erakusketea Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (zemendiak 24tik urtarrilaren 7ra).
  • CVCEPHOTO mendiko jardueren nazinoarteko argazkilaritza lehiaketeako 20 lan sarituen erakusketea Sala BBK aretoan (abenduaren 9tik 14ra).
  • Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril kanpoko argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketea Bilboko Metroko geltokietan (zemendiak 15etik abenduaren 30era).

Berbaldiak

Pelikulez eta erakusketez gan, berbaldi ugari eskainiko dira zinemaldiko egunetan:

  • CVCEPHOTO lehiaketearen 9. edizinoko lan sarituen inguruan atondutakoa (abenduak 9).
  • HARRI, ORRI, ARkatz erakusketeagaz lotuta publikau dan Artea eskalada krokisetan liburuaren aurkezpena (abenduak 10).
  • Eduardo Martínez de Pisón geografo, bidaiari eta mendizalearen Lo que ví en las montañas berbaldia.
  • Gailurra! Komikia eta mendia, Kike Infame komikizale ezagunak gidatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu