'Bidaiariak, zinemara' kanpainea, martxan

Bizkaie! 2023-11-17 08:37   Zinemea

18 zinema eta 77 aretok hartuko dabe parte egistasmoan.

Bidaiariak, zinemara kanpainearen zortzigarren edizinoa gaur, barikuak 17, emongo deutso hasierea publikoa zine-aretoetara erakartzeko helburuagaz, prezio bereziak eskainiz. EZAEren eta Zineuskadiren arteko hitzarmenak sarrera bakotxeko euro biko deskontu zuzena dakar ikusleentzat. Euskadiko zinema-aretoen alkarteak astero film bat edo bi aukeratuko ditu deskontuaz ikusteko, batez be, euskal zinemeari eta euskerazko zinemeari lehentasuna emonez, baina baita film europarrei be.

Kanpaineagaz bat egin daben zinemek automatikoki aplikauko ditue deskontuak leihatilan erositako sarreretan. Kanpainea martxan da, euskal estreinaldi arrakastatsuenetako bat datorrela aprobetxatuz, hain zuzen be, La ermita (Carlota Pereda). Belen Rueda da filmearen protagonista eta horrezaz gan, besteak beste, Maia Zaitegi, Loreto Mauleon, Josean Bengoetxea, Jon Olivares, Nagore Aranburu eta Elena Irureta aktoreak hartzen dabe parte. Filmax eta Bixagu Entertainment enpresa gipuzkoarrak produzidu dabe Euskal Herrian grabautako filma.

Bidaiariak, zinemara kanpaineak ospe handia lortu dau azken urteetan; izan be, gero eta ikusle gehiago dira promozinoan dagozen filmerako sarrerak zuzenean eskatzen debenak. 2015ean martxan jarri ebenetik, 167.000 ikuslek jaso dabe deskontu zuzena, eta 80 film baino gehiagok izan dute laguntzinoa.

EZAEko zazpi bazkidek (18 zinema eta 77 areto Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) bat egin dabe kanpainagaz: Donostiako SADE taldeko hiru zinemek: Principe, Antiguo Berri eta Trueba; Areto enpresako sei zinemek: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizko Meatzari Aretoa, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea, Mungiako Olalde Aretoa eta Urduliz; Golem Alhóndiga; Bilboko Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida Zinemak; Errenteriako Niessen Zinemak; eta Hirutek enpresako zinemek: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea aretoa eta Lazkaoko Areria zinema.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu