Tourraren urteereak 103 miloeko inpaktua izan dau Euskadin

Bizkaie! 2023-11-13 12:50   Kirola

Inbertidutako euro bakotxeko itzulkina 8,5ekoa izan da.

Grand Départ Pays Basque 2023 ekimenak 103,9 miloe euroko inpaktua izan dau Euskadiko ekonomian. 12,2 miloeko azken aurrekontua izan dauen ekitaldiaren batzorde atontzailearentzat Ikertaldek egindako txostenetik ondorioztatutako datu nagusia da.

Kontuak kontu, inbertidutako euro bakotxak 8,5eko itzulerea eregi dau. Datu horreen arabera, ekitaldiak 904 enpleguren baliokidea dan jarduera ekonomikoa sortu dau, halanda ze, 58 miloe BPG baino gehiago sortzeaz gan, jorratutako jardueren ondorioz eta diru-kutxa publikoetarako ia 19,5 miloe jaso ditu.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Euskalduna Jauregian emondako datu nagusiak dira. Juan Mari Aburto (Bilboko Alkatea), Xabier Ochandiano (Bilboko Udaleko Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko Zinegotzia), Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde-Lehiakortasuneko eta Turismoko Zuzendaria), Eduardo Aguinaco (Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoen Zuzendaria) eta Susana Alfonso (Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Zerbitzuko Zuzendaria) ordezkariakaz batera, Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak, Ikertaldek, estatistikearen, ebaluazinoaren eta aholkularitzearen arloan hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientziadun enpreseak egindako azterlan osoa aurkeztu dau.

Zifra aitagarrienak zehaztu aurretik, Zupiriak balioa emon deutso Grand Départ Pays Basque 2023 izan danari, herri proiektu handi bat, maila goreneko erakunde arteko lan handia, mundu mailako ekitaldi atontzaile handienetako baten, Frantziako Tourraren, aintzatespena eta zorionak jaso dituana. Nazinoarte mailan ekitaldi handiak egiteko leku erakargarrien ligan Euskadik dauen lekua eta irudia indartu da euskal gizarteak egindako esfortzu handiari eta erakutsitako konpromisoari esker, adierazo dau sailburuak.

Inpaktu ekonomikoa

Txostenak 103,9 miloetan balioesten dau Grand Départ Pays Basque 2023ak euskal ekonomian izandako eragina. Ekitaldiak 12,2 miloeko azken aurrekontua izan dau eta Euskadiko zazpi erakunde nagusiak inplikau ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzea, 3 aldundiak eta hiru uriburuetako udalak. Ekitaldia aurrera eroateko, 113 zerbitzu-kontratuetatik 104 euskal enpresek kudeatu ditue, % 92 hain zuzen be.

Bestalde, Grand Départ Pays Basquek 54 miloe euroko zeharkako inpaktua izan dau euskal ekonomian. Kopuru horren barruan sartzen dira Tourrera bertaratzen diran eta kanpoko personek egindako gau-gastuak, erosketak, garraioa edo jarduerak, baita tokiko publikoak berak eregitakoak be.

Inpaktu soziala

Txostenak nabarmentzen dauenez, euskal herritarren % 91 Frantziako Tourraren 110. edizinoko urtekera handia atontzearen alde agertu dira eta Euskadik helmuga turistiko lez dauen posizionamendua hobetu dala uste dabe. Ehuneko berak azpimarratzen dau egun horreetan Euskadi izan zala munduko albiste eta jazoeren erdigunea. Ganera, % 80 harro agertu da munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena geure errepideetatik pasau dalako. Herritarren % 85ek uste dau antzeko ekitaldi gehiago ekarri behar dirala.

Jarraipen mediatikoa

Europan 150 miloe ikus-entzulek zuzeneko 750 miloe telebista ordu ikusi ditue. Datu orokor horrezaz gan, Grand Départ Pays Basquek, kirol-ekitaldiaren mugarri nagusietako bat dan aldetik, 4,1 miloe persona batu zituan estaduan telebistaren aurrean, lehen hiru etapa ikusteko. EITBk 600.000 lagunetik gorako audientzia metatua izan eban hiru egun horreetan eta inaugurazino egunean % 19ko audientzia. Tour osoan, EITBk 460.000 erabiltzaile pilotu zituan, bere emonaldien historian mugarri bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu