Badator 16. Mendi Film! BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia
2023-11-10 08:35 Zinemea57 pelikula, 3 erakusketa eta 4 berbaldi...
Bilbo mendiko zinemearen munduko uriburu izango da abenduaren 8tik 17ra. Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde ordezkatuz 57 pelikula proiektauko dira. Horreetatik 50 dira Sail Ofizialean parte hartuko dabenak, sarietarako hautagaitzan. Beste 5 lehiaz kanpoko Zabalandi sailean aurkeztuko dira: Corpórea, El fin de la eterna primavera, Konfiantza itsua, Leizeta eta Udalatx, ura eta atxa.
2015eko "K2 touching the sky" Eliza Kubarskarena be programau da Mendiko Zinemagintzearen alde dabilen nazinoarteko alkargoaren IAMF Sari Nagusiaren autortzan. Eta "Oinez" estreinauko da, igaz Mendi Film Bizkaia Ternua Bekea jaso eban proiektuaren pelikulea.
Epaimahaia
Nazinoarteko Epaimahaiak balorauko ditu Sail Ofizialeko lanak: Eliza Kubarska bera (Polonia) zinegile eta alpinistea; Michael Pause (Alemania) kazetari, produktore eta idazlea; Patricia Ayala (Colombia) zinegile, produktore eta gidoilaria; Nerea Alberdi (Euskadi, Bilbo) konpositore, orkestratzaile eta arreglistea; eta, Juantxo Zeberio Etxetxipia (Euskadi, Tolosa) konpositore, konposatzaile eta arreglistea.
Sariak
24.800 euro emongo dira 12 saritan:
- Sari Nagusia: Eguzkilore garaikurra eta 6.000 euro.
- Zuzendari Onena: Eguzkilore garaikurra eta 3.000 euro.
- Gidoi Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro
- Argazkilaritza Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro
- Epaimahaiaren Saria: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro
- Soinu Banda Onenaren Saria: Txalaparta garaikurra eta 2.000 euro
- EITB Saria Euskarazko Film Onenari: Eguzkilore garaikurra eta 2.000 euro
- Mendiko Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
- Eskaladako Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
- Kultura eta Natura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
- Kirol eta Abentura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200 euro.
- Film Labur Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.000 euro.
Erakusketak
Hiru erakusketa nagusik jantziko dabe Bilbo zemendian hasi eta urtarrilera bitartean: HARRI, ORRI, ARkatz eskalada krokisen erakusketea Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (zemendiaren 24tik urtarrilaren 7ra); CVCEPHOTO mendiko jardueren nazinoarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketea BBK Aretoan (abenduaren 9tik 14ra); eta Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren neurri handiko 20 lan onenen erakusketea Bilboko Metroko geltokietan (zemendiaren 15etik abenduaren 30era).
Berbaldiak
Hinbat berbaldi eskainiko dira zinemaldiko egunetan: CVCEPHOTO lehiaketearen 9.edizioko lan sarituen inguruan atondutakoa (abenduak 9); HARRI, ORRI, ARkatz erakusketeagaz lotuta publikautako Artea eskalada krokisetan liburuaren aurkezpena (abenduak 10); Eduardo Martínez de Pisón geografo, bidaiari eta mendizalearen Lo que ví en las montañas berbaldia eta, Gailurra! Komikia eta mendia, Kike Infame komikizale ezagunak gidatuta.
WOP Mendi Film eta IAMF Grand Prize
Edurne Pasaban alpinista eta enpresariak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko dau jaialdiko Hasiera Ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian; bestetik, Eliza Kubarskari autortzea egingo jako bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso dauena (Mendiko Zinemearen aldeko nazinoarteko alkargoaren sari nagusia) eta harek zuzendutako "K2 touching the sky" (Zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen) programau da BBK Aretoan abenduarenk 12 gaueko saioan.
Mendi Pro
Mendiko zinemagintzearen industriaren inguruko jardunaldi aberats bat be atondu da aurten, era batera edo bestera sektorean lan egiten daben profesionalei eta industria honetan sartu nahi gura daben zaleei zuzendua.
Eliza Kubarska, Dani Salas eta Heather Mosher zuzendariek berbaldi bana eskainiko dabe bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Ogasunak zinemagintzan jarduteko dituen laguntzak eta pizgarri fiskalak aurkeztuko ditue eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekearen proiektuak estreinau eta aurkeztuko dira.
Mendi Tour 2023
Zirkuituak igazko Mendi Filmeko pelikularik onenakaz osatutako saioak eskaintzen ditu. Euskal Herrian zein Espainia osoan 53 egoitza ditu eta zemendiaren 17-18ra arte izango da, berbarako, Liébana-Potesen, daborduko klasiko bihurtu dan zirkuituaren azken-burukoan.
Zemendian
11: Torrelavega.
14: Basauri.
16: Palencia.
16-17: Errenteria.
17-18: Potes.
Everest Sea to Summit, This is Beth, Egoland, Adrenaline Sucks, New Way Up, Iretargi, Agur Artzai, Doo Sar, De l’ombre à la lumiére edota Yhabril: el buscador de luz, lako pelikulak tarteko dirala, mendiko zinema eskaintza zabala eta erakargarria eskaintzen dau Mendi Tour- zikloak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!