'Pizti bat agian', Zinebi-n
2023-11-07 08:13 ZinemeaBertoko Begiradak atalaren barruan emongo dabe, zemendiaren 14an.
Lehen urratsak Zinebi Networking - Dokumentalen sorgunea zinema dokumentalaren laugarren foroan emon zituan Pizti bat agian film dokumentalak, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdian be izango dau estreinaldia.
Euskal zinemagileen kezkak, begiradak eta hausnarketak argitara atarataen dituan Bertoko Begiradak saileko programazinoaren barruan emongo dabe, datorren zemendiaren 14an, BBK Aretoak hartuko dauen ekitaldian.
Maitasuna eta heriotzea, kontrola eta jagoletzea, lilurea eta amesa. Ipuin dokumental honek otsoaren inguruan biziteak sortutako hainbat eszena eregiten ditu, danak Euskal Herriko mugetan jazotakoak. Holan, Karrantzako Haranean eta Garaziko eskualdean egin zituen errodatze lanak, 2020-2022 bitartean.
Ainhoa Gutierrez del Pozo zinemagilea eta Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa dira filmaren egileak, Maluta* Films eta Azaroa Films etxeen babesari eutsiz.
Gutierrez del Pozo berak idatzi dau gidoia, eta argazki zuzendaritza lanetan be ibili da. Gonzalez Abrisketa, barriz, Adriana Rolloso Hermosagaz batera ibili da soinu-lanketan. Pilar Monsell kataluniarrak egin ditu edizino-lanak eta Verde Prato (Ana Arsuaga) musikari tolosarrarena da musikea.
Ritxi Lizartza eta Maria Vallejo izan ditu filmak produkzino-eragileak, Maluta* Films eta Azaroa Films etxeen ordezkari legez. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesa izan dau proiektuak.
Personaietako bakotxak (artzainak, hegaztien maitaleak eta kazeruak) gizatiarraz harago doan harru-emon-sare jakin baterako sarrera puntu lez jarduten dau. Gizakia ardatz hartzetik urrun, Pizti bat agian filmak jagoletza, laguntza eta harraparitza-hartu-emonetan inplikautako personak erakusten ditu – espezieen arteko hartu-emoank ez eze, baita tresna, erregulazino, erakunde eta bestelakoakaz izandako hartu-emonak be.
Zuzendariak
- Ainhoa Gutierrez del Pozo
Zinemagilea eta ikertzailea. Landa mundua eta arte garaikidearen artekotasunean lan egiten dau eta arlo horretan kokatzen da bere filmografía. Horregaz lotuta, doktoretzea egiten dabil Antropologia Bisualean, Urumea Bailarako zentral hidroelektrikoen inguruan.
Del Pozoren lehen film laburra, Medvedek (2019), Kimuak katalogoan hautatua izan zan eta hainbat festibaletatik igaro, horreen artean Zinebi, L'alternativa edo Punto de Vista.
Pizti bat agian lanaren ostean, zientzia-fizkinoko film bat egiten dabil, etorkizuneko gizaki eta gizaki-baino-gehiago diranen arteko hartu-emonak jorratzen dituana.
- Olatz Gonzalez Abrisketa
Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) irakaslea eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteko burua. Ikerketa-gai nagusiak kirolaren, sexu-alkartasunen eta espezieen arteko hartu-emonen ingurukoak izan ditu, horreen baitan, kirolak eta animaliek subjektibotasunen, sexuen eta iruditegi nazionalen konfigurazinoan dituen inplikazinoak interesetan jakoz.
Raquetistas (2022) eta Pelota vasca: un ritual, una estética (2005) liburuen egilea da eta ondorengo filmak zuzendu ditu: Jørgen Leth on Haiti (2007), Carmen (2012) eta Pelota II (2015, Jørgen Lethegaz batera).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!