IgeriBizi egitasmoak euskeraz eta jarduerez beteko dau Fadurako ugerlekua

Bizkaie! 2023-10-31 13:03   Kirola

Abenduaren 2an eta 3an izango da.

Swim Camp Getxo ugerketa alkartearen egitasmo soziala da IgeriBizi eta lehen ekitaldia prest dabe: 24 orduz uger egiten, euskerearen alde. EuskarAbentura Elkartearentzat izango da ekitaldian jasotako dirua, “egiten daben lan bikaina urte luzez egiten jarraitu deien”, atontzaileen eretxiz.

Euskerearen Nazinoarteko Eguna atxaki, abenduaren 2an eta 3an egingo dau IgeriBizi-k estreinako ekitaldia. Zapatu eguerdian hasi eta domeka eguerdian amaituta, txandaka eta parte-hartzaile bakotxak nahi dauen distantzia egitea da asmoa, hogeita lau orduz beteko da Fadura euskaltzalez. Edade guztietako lagunek gozetako moduko jarduerak egongo dira ugerlekuan eta inguruko aretoetan.

Getxoko eta Uribe Kostako bizi-kalidadea hobetzen daben alkarteak omendu nahi ditu IgeriBizi-k: Inklusibidadearen alde dabizenak, ekologismoa ardatz dabenak, euskalgintzakoak eta bestelakoak. Aurten, EuskarAbentura Elkartearentzat izango da parte hartzetik jasotako dirua. Gazteen artean euskerearen erabilerea sustatu, Euskal Herriko ondare kultural eta naturala ezagutzera emon eta parekidetasuna, osasuna eta ekologismoa lako baloreak zabaltzen saiatzen da alkartea.

Ugerlekuko kale bat enpresa, alkarte eta taldeentzat izango da eta beste bat familia, kuadrilla eta norbanakoentzat; behar izatekotan, baina, beste kale bat erreserbauko da. Enpresa, alkarte eta taldeek, 50 euroren truk, ordubete erosi ahal izango dabe eta, erreleboak eginda eta nahi daben erritmoan, ordu hori beteko dabe. Nahi beste kidek hartu leikie parte eta laguntzarik behar izatekotan, Swim Camp Getxoko ugerlariek txandaka lagunduko deutse.

Kuadrillek eta lagunek, personako 5 euroko donazinoa egingo dabe eta nahi beste denpora egin ahal izango dabe uger. Ez dabe zertan ordubete egin behar, ezta gitxieneko luze kopuru bat be. Familiek, bestalde, 10 euroko donazinoa eginda, familia nuklear osoagaz parte hartzeko aukerea izango dabe.

Umeak be animetan ditue antolatzaileek, guraso edo jagoleakaz batera: Tituludun sorosleak, Swim Camp Getxoko ugerlariak eta IgeriBizi-ko atontzaileak izango baitira bertan, segurtasuna, errespetua eta danek ondo pasau leikiela ziurtatzeko.

Parte-hartzaileek IgeriBizi-ko txanoak erosi ahal izango ditue, aurretiaz zein egunean bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu