Urresolak Tokyo International Film Festivaleko Ethical Film Award saria irabazi dau
2023-10-27 13:53 ZinemeaSaria urriaren 31n entregauko deutse.
Tokyo International Film Festival jaialdiak adierazo dauenez Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie lanak irabazi dau aurtengo edizinoan estreinau barri dan Ethical Award Saria. Urresolaren film entzutetsua Tokioko jaialdian proiektatzen ari dira Etxepare Euskal Institutuak atondutako Euskal Leihoaren baitan. Saria urriaren 31n entregatuko deutse zuzendariari, Urresolaren filmaren proiekzinoaren ostean. Sari horretarako hautagaiak, hiru ziran: The Fisher, Power Alley eta 20.000 erle espezie bera.
Euskal zinemak Asiako eta munduko zinema jaialdirik garrantzitsuenetariko eta esanguratsuenetariko batean lekua izaten ari da lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Euskal zinemearen erakusleiho horrek Donostia Zinemaldiaren eta Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso dau, eta Euskadi Japan 2023 programean kokatzen dan ekintzetako bat da.
Spotlight: Basque Cinema zikloak urriaren 23tik zemendiaren 1era bitartean bost euskal film aurkezten ditu: Leihoari hasierea emon eutson Urresolak zuzendutako 20.000 erle espezie filma; Isabel Hergeraren Sultanaren ametsa; Jaione Cambordaren O corno; Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien Arnasa Betean: emakume zinemagileak; eta Silvia Munteken Las buenas compañías.
Film bakotxak lau proiekzino izango ditu eta urriaren 31n, 20.000 erle espezie eta Sultanaren ametsa filmen proiekzinoen ostean, Estibaliz Urresolak eta Isabel Herguerak berbaldi bana eskainiko dabe filmen inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!