Julen Zubieteren 'Agur Artzai' filma izan da Urrezko Antzarraren irabazlea

Bizkaie! 2023-10-23 08:01   Zinemea

Euskal Zinemaren Begirada sariak Elena Irureta eta Ane Gabarain aktoreen ibilbidea omendu dau.

Urriaren 19tik 21era izandako Lekeitioko 46. Euskal Zine Bilereak bere irabazleak ezagutzera emon ditu: Danetara 19 ziran Sail Ofizialeko Lehiaketarako sailkatutako filmak.

Bost sari. Bost irabazle

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Gazte22 saria izan ditugu eta irabazleak erabagiteko ardurea izan dabe Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana zinegileek, esperientzia handiko epaimahaia. Erronka handia izan dabe irabazleak aukeratzean, maila handiko filmak aurkeztu baitira. Bestalde, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabagi dabe.

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 eta EITB Ikusleen saria

Film onenaren saria, Julen Zubieteren Agur Artzai lanarentzat izan da. Epaileek adierazo dabenez, Pelikula koherentea, hunkigarria, xamurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazoten dau artzainaren gorabeherak eta pentsamendua, heriotzea ta denporearen iragana naturaltasunez begiratuz. Gai asko jorratzen ditu sakontasunez, besteak beste, zelan bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen. Kontuak kontu, Zubietek irabazi dau 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Jon Aramendi-ren Habana Glass filmarentzat izan da eta eurek irabazi ditue 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Ane Zulaika-ren Emakumeak Blai” filmak eroan dau eta Zulaikak irabazi ditu 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Gazte22 saria, Unax Alcubillaren KosmosPolita lanak eroan dau. Sari honen irabazleak 22 urte edo gitxiago izan behar ditu. Epaimahaiak adierazo dauenez, gazteen indarra eta gogoa mundua aldatzeko azaleratzen deusku; norbanakotasuna alde batera itxita gazteek taldean be lan egiten badakitela erakusten dau. Gizartelanaren bidez eskubideak errebindiketan dituan pelikulea da. Kontuak kontu, Unax Alcubillak irabazi ditu Zidarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Azkenik, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan dan ezagutu dogu. Ikusleek euren botoakaz erabagi dabe irabazlea Ekaitz Vertiz sortzailearen Hitza eman nion izatea, batez beste 5etik 4,41 puntu lortuz. Hortaz, Vertizek irabazi ditu Zidarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zinemearen Begirada: Elena Irureta eta Ana Gabarain

Euskal zinemagintzako figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemearen Begiradea sariagaz Elena Irureta eta Ana Gabarain euskal aktoreak omendu nahi izan dira. Aurten, aktore handi biren bideak barriro gurutzatu nahi izan ditu jaialdiak eta merezidu daben autortzea egin eta ospatu da: Hamarkada honeetan guztietan, gure iruditegia osotzeko egindako ekarpena eta euskal ikus-entzunezko ondarean itxitako lorratzaren gainean jarriko da Euskal Zinemearen Begiradea. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin daben aktoreak dira.

Zinemearen lorratza jarraituz

2024an barriro be euskerazko zinemea bultzatzen jarraituko dau Euskal Zine Bilereak. Era berean, irabazleak ez eze, partaide guztiak be zoriondu nahi dira, euren lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagaitik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun Ikusgarri zinema-aretotik jaialdia jarraitu daben ikusleei be eskerrik beroenak emon nahi deutsee atontzaileek.

Gogoratu, Euskal Zine Bilerearen egitarauak urriaren 22an be jarraitu dauela, izan be, egun osoan zehar, Sail Ofizialeko Lehiaketako film irabazleen proiekzinoak ikusi ahal dira zinebilera.eus orrialdean. Eguerdiko 12:00etan, Artium Museoagaz alkarlanean, zinema alkarrizketak izan dira hiru filmen proiekzinoagaz. Arratsaldeko 16:30ean, Kameratoian produzidutako filmak erakutsi ditue eta jaialdiari amaierea emoteko, 18:30ean, 20.000 especies de abejas filmaren zuzendaria dan Esti Urresolagaz egoteko aukerea egon da barriketaldi interesgarrian.

Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diran laguntzaile eta babesleak be gogorarazp ditue atontzaileek. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Eusko Label, Euskaltzaleen Topagunea, Hitza, Euskadiko Filmategia, Zinegoak, Silken Uribarren hotela, Artium Museoa, Kitto Merkatari Elkartea, Zinea.eus, Arragua, Lekittoko Zinemazaleak izan dira Lekeitioko Udalak atontzen dauen Euskal Zine Bilerea aurrera eroateko laguntzea eta babesa eskaini daben eragileak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu