‘Zu’: Zetak taldeak sonoridade barria dakar
2023-10-20 10:27 MusikeaKontzeptuala da disko barria.
Zetak taldeak Zu abestia kaleratu dau, Aaztiyen disko barriaren lehen aurrerapena. Arbizuarrak ondoetorria emon deutso aro barri bati. Sakanako unibersotik (Nafarroan dagoan eremu euskaldunetik) sortua, milaka urteko euskal kulturea publiko osoari edegiten deutso, kutsu modernoa argi eta garbi gehituta.
Zu joandako sasoietara bidaia da. Gomutak oinarrian, egunerokotasunaren isla, denpoeraren poderioz idealizazino dosi bategaz guztiz nostalgikoa bihurtzen dan momentua. Piezearen protagonista auto zahar batean dago, eta behin eta barriro gogorazoten dau daborduko ez dagoan bateren bategaz konpartidutako eszena bera.
Islatutako nostalgia obsesinoaren bide beretik dator. Egia bilakatuko ez dan maitasuna. Hartu-emon horreek ekarri leikiezan xehetasunik txikiena be erromantizetako jokerea deskribiduten da.
Pello Reparaz abeslariak tradizinoa eta emozinoa omentzen ditu, txalaparta, ttunttuna, eta irrintzia lako euskal soinu tradizionalak buztartuta. Tradizinoz beteriko tresnok elektronika gaurkotuenagaz nahasten dira. Artista nafarrak bass house, deep house, pop zein euskal kantu tradizionala Zetak taldearen txalaparta ezagun eta bereziagaz nahasten ditu. Trikimailu horretan dago disko honen apustu kontzeptuala: Tradizinoa eraikuntza legez zalantzan jartea, azken finean, mundu bi bakarrean batzea.
Txarangoaren soinu berezia moog sintetizadoreagaz nahasten dau, primeran buztartzen dan oinarri erritmiko zein elektronikoa lortuta. Zetak taldeak baju elektroniko perkusibo minimalista baten alde egiten dau, jantzarako dei argia eginez.
Badatorrek zuzendutako ikus-entzunezko piezeak Unanuako (Nafarroako iparraldeko herri txikia) momoxorroen jantzi tradizionaletan inspirautako proiektuaren nortasun barria erakusten dau. Beriaingo mendiak eta Arbizuko herriak be protagonismoa hartzen dabe, izan be, karga nostalgiko nabarmena dabe artistearentzat. Pello, ttunttun bati besarkaturik (euskal instrumentu tradizionala), Martxel Montero estilisteak taldearentzat sortutako momoxorroen jantzi tradizionalaren berrinterpretazinoa azaltzen da lehen aldiz.
Aaztiyen
Diskoan emozinoak eta tradizinoa eszeptizismotik jorratzen ditu. Artistearen eretxiz, emozinoak ez dira sortzetikoak eta tradizinoa be ez da berez gizakiarena. Biak dira denporan zehar garatu, oinordetzan jaso eta manipulau ditugun eraikuntza sozialak.
Bizi garen erregimen emozionalaren zeharkaldi bat da. Abesti bakotxak emozino bat lantzen dau. Barruko eta kanpoko ahotsek gure emozinoetan eragiten daben ikuspegi konplejuak irudikatzen ditue. Zentsureak, autozentsureak eta presino sozialak senagaz dabiz burrukan.
Era berean, albokea, panderetea eta irrintziak taldearen soinu-identidadean gehitzen dira. Euskal elementu tradizional horreek erabili, desitxurau eta ia lotsabarik prostituitzen ditu, izan be, euskaldunak al dira? Noiztik dira gure tradizinoaren parte? Zenbat denpora igaro behar da zeozer gurea izateko? Gure tradizinoak eta emozinoak antxinakoak al dira? Edo ez hainbeste?
Arbizuko euskeran Aaztiyen berbeak lehentxeago esan nahi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!